Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Haur korapiloak

Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Ilustratzailea: Pedro Osés Navaz

Argitaletxea: Pamiela

Urtea: 1997

Bilduma: Tamaina Ttikia

Orri kopurua: 71

Adina: 8tik gora


Laburpena:

Belaunean min hartzen duzunean, korapiloa bezalakoa jartzen zaizu, eta ez dizu lasterka egiten uzten. Horren antzeko korapiloak sortzen dira batzuetan sabelean, edo bihotzean, edo eztarrian, edo buruan.


Prentsako aipamenak:


- Kukuluma, 1998ko iraila. 3. zkia Hona Juan Kruz Igerabideren laugarren poesia liburua haurrentzat, aurreneko biak (Begi niniaren poemak, Egun osorako poemak eta beste) bezain aintzindaria gertatuko dena, ziur asko.
Lehenengo poema liburuan (Begi niniaren poemak), haikua estreinatu zuen, japoniar estiloa erakarriz gure letretara, "zen" tradizioaren ildotik.
Bigarren poema liburuan (Egun osorako poemak eta beste), haurrentzat beste erabateko poemak ere egin daitezkeela erakutsi zigun: errepikapena, erritmoa eta analogiaren baliabideak erabiliz, besteak beste.
Hirugarren liburuan, oraintsu argitaratua (Gure poesia), haurrentzat poema-bilduma egin daitekeela erakutsi digu, euskal literaturako hainbat poeta handi hartuz: Lizardi, Orixe, Minberri, eta abar.
Komentatzen ari garen laugarren liburu honetan, berriz, lime-rick-ak estreinatu ditu Juan Kruzek, non sense estiloa poesiara erakarriz, ingeles tradizioaren haritik.
Dena den, liburuan zehar, ez daude limerick-ak bakarrik; korapiloak ere bai. Hona Juan Kruzen hitzak: "Belaunean min hartzen duzunean, korapiloa bezalakoa jartzen zaizu, eta ez dizu lasterketa egiten uzten. Horren antzeko korapiloak sortzen dira batzuetan sabelean, edo bihotzean, edo eztarrian, edo buruan...". Izan ere, Juan Kruzek poemak sortuko baititu korapiloen inguruan: bihotzeko korapiloak, fantasiaren korapiloak, larritasunaren korapiloak, ilunpearen korapiloak, beldur beltzaren korapiloak, eguraldi txarraren korapiloak, naturaren korapiloak... Baina, Juan Kruz ez da bakarrik geratuko ezagunak zaizkigun korapilo hauekin: arriskua hartuz are urrunago joango baita, hots, korapilo arraroen lurraldera, hain zuzen. Horretarako limerick-ak erabiliko ditu, arestian aipatutako limerick-ak, egoera absurdoak bezain barregarriak sortaraziz irakurlearen gozamenerako.
Aipatu, bestalde, Pamiela argitaldiaren ahalegina, ez liburua argitaratzeko bakarrik, baita liburua zaintzeko hartu duen arreta ere, liburuaren onerako izan dena, aukeratutako ilustrazioekin batera.
- Javier Rojo, El Correo Olerkia jostailu

Haur literaturaren esparruan hutsune handia dago kondagintza ez beste generoetan. Gehienetan haur literatura eta haurrentzako ipuinak egitea parekatu eta antzerkia eta olerkia, inolako garrantzirik edukiko ez balute bezala, zorokatu egiten dira. Egia esan, antzerkian kasua oso berezia da, literaturari berari ez dagozkion bestelako baldintzak ere kontuan hartu behar dira eta. Olerkiaren kasuan ez, literatura besterik ez baita. Eta oso lanabes interesgarria izan daiteke, haurrak hizkuntzaren, erritmoaren, edertasunaren lurraldean sartzeko. Gure artean gutxi dira haurrentzako olerkia egiten dutenak , eta bakan horietako bat Juan Kruz Igerabide. Liburu honetan olerki sinpleak, ulerterrazak egiten ditu, baina errezkerian erori gabe, hau da, literaturtasunari uko egin gabe. Gauza txikien olerkia dela esan liteke. Apaindura erretorikoak alde batera utzita, hots-kidetasunaz oinarritutako irudien elakartea ia surrealista da askotan erabiltzen duen teknika, bestean haikuen oihartzunak ere aurki daitezkeelarik. Erritmoa eta errima jostailu modukoak dira Igerabideren olerki hauetan. Eta uler bedi ondo: olerki hauek jostailua izatea dute berezko. Liburu honek haurrentzako olerki ona idatz daitekeela frogatzen du.


Haur korapiloak