Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Gure poesia: antologia (Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Otsobi, Minabiberri, N.Etxaniz, Mirande, Aresti)

Idazlea: Juan Kruz Igerabide Sarasola

Ilustratzailea: Jokin Mitxelena

Urtea: 1997

Bilduma: Antologia eta hitzaurrea

Orri kopurua: 80

Adina: 8tik gora


Laburpena:

"Gure poesia esan diogu poema-bilduma txiki honi. Poemak ikusi orduko jabetuko da irakurlea ""gure poesiaren"" zati txiki bat besterik ez dugula eskaini, haurrentzat egokitua. Gaur arte, mende honetako egile ospetsuen bildumarik ez genuen haurrentzat. Han eta hemen bila ibili eta haurrek dastatzeko moduko poemak topatu ditugu."


Prentsako aipamenak:


- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 1. zenbakia, 1999ko azaroa GURE POETEN POESIA

Mende honetako poeten lanak aztertu ondoren egin du Juan Kruz Igerabidek antologia hau. Liburuaren hitzaurrean adierazten duen bezala euskaraz eta haurrentzako poemak folklorean izan ditugu baina oso gutxi dira haurrentzat idatzi duten poetak. Zortzi dira Igerabidek kontuan izan dituen poetak antologia hau egiteko; zalantzarik gabe mende honetako gure poeta klasikoak (Lizardi, Lauaxeta, Orixe eta Oxobi) hor dauzkagu, baita Nemesio Etxaniz, Mirande eta G. Aresti ere. Bizirik dagoen bilduma honetako poeta bakarra Marie Jeanne Minaberri baigorritarra dugu, haurrentzat espresoki idatzi duen euskal poeta bakarrenetarikoa.
Igerabideren lan zailaren ondorioa (zaila, Lizardi edo Lauaxeta bezalako idazleen lanetan haurrentzat egokiak izan daitezkeen poemak bilatzea) oso eskaintza zabala da, ez bakarrik idazle kopuruen aldetik, baita estiloa edo gaia bera tratatzeko moduan. Trenaren erritmoa duen "Bultzi leihotik" poema dugun bezala, "Negutik udarat" egitura errepikakorrekoa dugu edo "Harroputz" labur bezain trinkoa. Ugaritasun hori da, gure ustez, liburuaren alde interesgarrienetarikoa.
Liburu honen gauzatzea argitaletxe berriaren politikan (adierazgarria den politika) kokatu behar den bezala, ezin da ulertu azken bost urtetan euskarazko haur literaturan poesia hartzen ari den garrantzia kontuan izan barik.
Gure poesia liburu hau euskaraz egin den poesia haurrengana hurbiltzen saio serio eta interesgarria da. Irakurketatik gero eta urrunago eta bakangoa den genero honekin gozatzeko aukera ematen duen liburua. Baina oso zaila da aukeraketa bat egitea eta gainera aukera hori adin beretsuko neska-mutilentzat egitea, eta hor dago liburuaren desoreka nagusia, Lauaxeta eta Lizardiren poemen eta N. Etxaniz edo Minaberriren poemen artean dagoen desoreka. Juan Kruz Igerabide saiatu da horrelakoetan aldaera laburtu bat jartzen poema batzuetan eta horrek, ziur gaude, erraztuko du irakurketa. Hala eta guztiz, ez daude ongi bereizturik poema beraren bi aldaera horiek, izan ere bi poema ezberdin direla ematen baitu.
Liburuak duen beste akats nabarmena aurrekoaren ildotik doa; hots, maketazio akatsa. Hitzaurrearen azken esaldian poeten berri laburra iragartzen zaigu jarraian; berri hori liburuaren bukaeran dator, berriz. Akats xumeak eta konponerrazak bigarren edizio baterako, ikusten den bezala. Horretaz gain, liburua benetan interesgarria da. Jokin Mitxelenaren irudiak (bi tintatan eginikoak) primeran daude, testuaren osagarri egokiak dira eta hitzetan bezala ilustrazioaren lanean ere nabarmena da poetikotasuna.


Gure poesia: antologia     (Lizardi, Lauaxeta, Orixe, Otsobi, Minabiberri, N.Etxaniz, Mirande, Aresti)