Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Filipinetan bizi den idazlearen kontuak

Idazlea: Joxemari Iturralde

Ilustratzailea: Pedro Osés Navaz

Argitaletxea: Pamiela

Urtea: 1993

Bilduma: Tamaina ttikia

Orri kopurua: 105


Laburpena:
Hemen datozen ipuin hauek paperera neronek pasatuak dira. Batzuk aitonari aspaldi entzundako istorioak dira, ni oso txikia eta ilusioz beteriko mutikoan nintzeneko garaikoak. Hasiko zitzaidan aitona egun batean atariko palmondoen itzalean geundela eserita: - Aizak motel, hator honaxeago eta entzun ezak modu hontantxe hasten zen istorioa: “Zaku madarikatu harek gehiegi pisatzen zuen benetan...”


Prentsako aipamenak:

- Felipe Juaristi, Diario Vasco Mundu bat

Hitzaurrean bertan Joxemari Iturraldek dioen esaldi batekin geratuko naiz: “Va, petit livre, eta choisis ton monde”, zeinak esan nahi baitu gure euskara honetan “Hoa, liburu ttiki hori, eta aurki ezak heure mundua.” Liburu guztiek baitute beren mundua, beren publikoa duten bezalaxe, eta publiko hori zein den jakin gabe idaztea oso arriskutsua omen dela dio batek baino gehiagok. Joxemari Iturralderen liburu hau, garbi dago, gazteentzat da, baina horrek ez du inoiz esan nahi irakur ez dezaketenik, noski, beste adinekoek, gazteek irakurri ohi duten pasio eta grina berberaz.

Joxemari Iturraldek, tradizio zahar bati eutsiz, aitzaki bat asmatu du ipuin guzti horiek nolabaiteko lotura izan dezaten. Horrexegatik, hain zuzen, atera zaio bere irudimenetik Filipinetan dagoen idazlearen kontu hori. Dena dela, banan bana harturik, ipuinek badute funtzionamendu propioa; aitzakia, Filipinetako idazlearena, beraz, arrazoi estetikoa besterik ez da, liburua duinagoa egiten duena.

Bada ipuin hauetan Joxemari Iturralderena den beste ezaugarri bat, hiri eta herri ezberdinekiko atxekimendua. Liburu honetako ipuinak ezdira Euskalerrian soilik geetatzen, bidaia baten antzera antolaturik dagoenez, idazlearen paisaiak berak ikusten ditu irakurleak: Praha, San Petersburgo, Riga, London, eta abar… eta hiri bakoitzean aurki ditzake irakurleak ere idazle ezagun baten zantzuak, horretara jarriz gero.
Niri, partikularki, gustagarria egin zait liburu hau, atsegin handiz irakurri ditut ipuin guzti-guztiak, baina norberak bere kuttunak eta maiteak izan ohi dituenez, bat edo batekin geratzekotan, kokalekua Euskalerrian bertan dutenekin geratuko nintzateke, “Ikasi nahiean” eta “Indianoa tren geltokian” izenburua dutenekin, hain zuzen. Bata, liburuan ere aurrenekoa, errealista da, kontrabandisten istorio bat, piskatxo bat krudela, baina oso ondo girotua. Bigarrenak, Hego Ameriketako literatura dakarkigu oroimenera. Istorio samurra da, fantasia handikoa. Ezaguna egiten zaigu pertsonaia lehen lerrotik, baina hortik aurrera bere garapen propio eta partikularra du, bukaera harrigarri eta on batekin. Ipuinen sekretua, Quirogak esaten zuen bezala, hasera on batean eta amaiera hobe batean baitago.


Filipinetan bizi den idazlearen kontuak