Izenburua: Erreka Mari, Euskal Herriko azken lamia
Idazlea: Enkarni Genua EspinosaIlustratzailea: Jesús Lucas Erro
Argitaletxea: Erein
Urtea: 2001
Bilduma: Txotxongilo
Orri kopurua: 24
Adina: 6tik gora
Laburpena:
Testuinguru baserritar eta mitologiko batean kokatutako komikia da, ipuin tradizional baten itxura hartuta.
Lantzen diren gaiak lamien desagerpenari lotuta eskaintzen zaizkigu, ezinbestean erreken kontaminazioari lotuta dagoena. Bertan aldarrikatzen denez, iraganaren eta orainaren arteko lotura eten egin da mentalitate modernoak ez duelako jakin izan nola jarraitu haria iruten. Garai bateko ohitura eta bizibidean utzi eta portaera berriak hartu ditugu, sinismenetan nabarmen, eta baita ingurune naturalarekiko harremanean. Ipuinak horren ondorioa grafikoki erakusten digu, bi atso arduragabek egiten duten errekaren kontaminazioarekin, lamia baten eta artzain baten adiskidetasunak sortu dien ezinikusiak, mendekua egitera eramaten dituenean.
Kontakizuna gidatzen duen sorgin bat dugu, irakurlearekin hizketan ari dena hasiera hasieratik. Pertsonaia nagusiak aurkezten dizkigu eta gerora etorriko diren ekintzetan oharrak egiten ditu. Narratzailearen papera hartzen du beraz, eta teknika honi esker ipuin guztia elkarrizketekin garatzen da, bestelako testu motarik gabe.
Ilustrazioek marra garbiko marrazkiak erakusten dituzte, kolore masa handiekin eta ongi definitutako forma zein bolumenekin. Sinplifikaziora jotzen duten irudiak dira, estanpazio eta ñabardurak baztertu gabe. Berdea, urdina eta gorria dira kolore nagusiak, tonalitate desberdinetan.
Testua ulerterraza da bai gramatikalki eta bai formatuagatik (elkarrizketa), gidoiak umorezko ateraldien segida bat proposatzen du, eta garatzen diren ideiak edozein gaztetxok ulertzeko modukoak dira.