Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Egunaren adinak

Idazleak: Mariasun Landa Etxebeste

Ilustratzailea: Maite Gurrutxaga Otamendi

Argitaletxea: Denonartean

Urtea: 2025

Adina: 12tik gora


Laburpena:

Oneka elkarteak bultzatutako proiektua dugu hau. Helburu sozial konkretu batekin eginda badago ere, ez da batere propaganda papera. Autoreek artelana josi dute.

Orrialdeak akordeoi eran dituen liburu horizontala dugu. Azala eta atzeko azala ere, denak era berean lotuta. Orrialde guztiak gramaje potoloa dute, azala eta kontrazala, gainontzeko orrialdeetatik ez dira bereizten zentzu horretan. Objektua aurretik eta atzetik berdina da.

Liburu osoan zehar kolore horiko fondo batean beltzez egindako marrazkiak dira espazio gehien hartzen dutenak eta testua aberastu egiten dute. Ilustratzailearen estilo eta formetan topatu dezakegun “eszenatokiaren” irudia azaltzen da hemen ere. Modu honetara, pertsonaia, erabat landuta eta zehaztuta dagoen fondoan azaltzen zaigu orrialdez orrialde.

Zuri-beltzean aurkeztutako narrazio ilustratu honetan, emakume edadetu batek bere egun bateko egoera ezberdinetan bizi eta sentitzen dituenak kontatzen ditu. Narratzailea bera da, lehen pertsonan modu argi, soil eta zuzenean, irakurleari zuzentzen zaiona.

Irudiak ere, xaloak eta oso adierazgarriak dira. Marrak eta estanpazio ezberdinak nabarmenak dira (andrearen txabusinean, altzari batzuetan, etab.)

Orri bakoitzean irudi bat eta laguntzen dion testu bat azaltzen zaizkigu. Orriek egun baten orden kronologikoa jarraitzen dute. Liburua akordeoi modura zabaltzean, alde batean istorioa eta bestean atzeko aldea lorez apainduta ikus dezakegu. Liburua ixterakoan, kontrazalean, liburuaren aldarrikapena irakur dezakegu argi eta argi: Bizitza askea eta zahartzaro duina.

Liburuak hausnarketa ugari proposatzen ditu. Zer esan nahi du zahartzeak? Nola aldatzen dira pertsonak denborarekin? Zer geratzen da oroitzapenetan? Bizitzaren etapa bakoitzak zer balio dauka? Liburuak ez ditu galdera horiek modu zuzenean erantzuten; irakurlearengan pizten diren pentsamenduak dira.

Haurrei zein helduei zuzenduta egon daiteke. Haurrek irudien bidez irakur dezakete; helduek, berriz, denboraren eta bizitzaren inguruko irakurketa existentzialagoa egin dezakete. Horregatik, adin desberdinetan  irakur daitekeen obra da.


Egunaren adinak