Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Bravo anaien altxorra

Idazlea: Ignacio Martinez de Pison

Itzultzailea: Joxemari Iturralde

Argitaletxea: Elkarlanean

Urtea: 1997

Bilduma: Branka

Orri kopurua: 96


Laburpena:

Bazirudien uda hura ere aurrekoak bezain aspergarria izango zela inor gelditzen ez den bide bazterreko ostatuan. Bat-batean, ordea, gizon beltzaran bat iritsi da Alfa Romeo deskapotagarri batean eta amets berriak piztuko ditu horrek Bravo anaien buruan: misterioak inguratzen du bidaiaria, ezin jakin nondik ez zertara datorren, eta era guztietako susmoak sortuko dira horrela. Maisulan labur bezain biribila egin du egileak gazteentzako bere lehen liburu honetan, haurtzarotik helduarora bitarteko jauzia kontatuz, abenturaren eskutik maitasuna ere deskubrituko baitu protagonistak, eta horrekin batera munduari beste begi batzuekin begiratzen hasi.


Prentsako aipamenak:


- Jose Jabier Fernandez, Egunkaria 1997ko irailaren 20a Gazteei zuzendutako sailek askotan altxor txiki ugari gordetzen dituzte. Txiki hitza erabiltzen dut liburu hauek ohiki ehun orrialde inguru dituztelako, edukiz eta estiloz asko maisulanak badira ere. Sail hauen artean bi dira ezagunenak: Alberdania etxearen Ostiral eta Elkar argitaletxearen Branka. Oraingoan aurkezten dizuedan liburua azken sail horretakoa da.

Badirudi gazteei zuzendutako liburuak jenero bat bilakatu direla. Gehienek aztzeko gauzak kontatzen dituzte: gazte bat edo gazte talde baten istorioa eta istorio horrek gaztetasunetik heldutasunera igarotzen nola laguntzen dien. Agian ikuspegi orijinalagoak faltan botatzen dira, baina istorio bat ondo kontatuta dagoenean istorio bera bigarren mailan gelditu daiteke.

Hau da Ignacio Martinez de Pisonen liburu honekin gertatzen dena. Istorioa ez da orijinala. Hiru anaiak bizi duten abentura misteriotsua kontatzen zaigu, abentura horrek protagonistengan duen eraginarekin batera. Liburu asko daude antzeko gaiekin gazteei zuzendutako liburu hauetan, baina Martinez de Pisonek burututakoa maisulana da.

Jenero honetan maiz jorratzen den estilo zuzena eta nabarmena alde batera utziz, idazleak haurtzarotik helduarora bitarteko jauzia abentura beraren bidez kontatzen digu. Bere estiloa ez da zuzena, gauza asko esan gabe edo osoki kontatu gabe gelditzen baitira. Irakurleak ere bere aldetik istorioa osatzen joan behar du eta pertsonaien izaerak eta begiradak munduarekiko asmatzen.

Nik, bereziki, liburuaren bukaera nabarmenduko nuke. Bertan, heldutasuna eta eguneroko gizartea eta bizitzari buruzko egia asko esaten zaizkigu. Hobe esanda, egia gutxi esaten da, eta egiak ere ez daude asko, baina bizitza ez al da horrelakoa?

Xehetasun hauek dira liburu hau altxor txiki bat bihurtzen dutenak. Askotan, maizago aurkitzen dira horrelako altxorrak gazteei zuzendutako sail hauetan helduentzat bideratutako liburuetan baino, nahiz eta askok oraindik nahiago izan liburu arrunt eta handiak altxor txikien aldean. Hori, ordea, bakoitzak aukeratu behar du.

Bukatzeko, Ignacio Martinez de Pisoni buruzko bi hitz. Zaragozan 1960an jaiotako idazle hau egun espainiar narratibak duen idazle famatuenetako bat da. Idatzi dituen beste liburuen artean arrakasta handiena lortu duena "Carreteras secundarias" (Bigarren mailako errepideak) izan da. Bai liburu horretan eta bai "Bravo anaien altxorra" lanean Pisonen estiloa oso antzekoa da, hitz gutxikoa, esaldi zuzenekoa eta, batez ere, oso iradokitzailea.

Egun hauetan, Donostiako Zinemaldia dela eta, zinemaren munduan murgildurik gaudenez, esan behar da "Carreteras secundarias" eleberriari buruzko filmea ere laster estreinatuko dela. Zuzendaria Emilio Martinez Lazaro da eta azntzezleen artean Antonio Resines eta Maribel Verdu daude.

Euskaraz, oraingoz, -Joxemari Iturraldek eginiko itzulpen biribilari esker- "Bravo anaien altxorra" irakurtzeko aukera dugu eta aukera hau ez da baztertu behar. Baina altxor txikiak ez dira hemen bukatzen. Gazteenei zuzenduriko sailek aurrera jarraitzen dute eta dagoeneko bildu dituzten liburuen kopurua ez da txikia. Murgildu eta aurkitu txikiak tamainaz soilik diren altxorrak.

- Felipe Juaristi, Diario Vasco Irakurketaren alxorra

Nire belaunaldiko umeok Stevensonen liburuak irakurtzen genituen, artean euskaraturik gabe zeudenean. Gero, itzultzen hasi ziren eta irakurtzeko gogo eta zaletasuna duenak badu orain, ondo itzulita, idazle haren lan bat baino gehiago. Altxor Uhartea, noski, Stevensonek bere semearentzat propio asmatutako istorioa.

Ignacio Martínez de Pisónek ere gogoan izango ditu Stevensonen piratak, piraten uhartea, uharteko altxorra, bertako giro misteriotsua… Izanez ere, Bravo anaien altxorrak Stevensonen hura ekartzen du gogora. Liburuan bertan aipatzen da zuzenean Uharte Altxorra. Pisónek kontatzen duen istorioak antza handia du Stevensonenarekin: piratak beharrean, kartzelan luze egondako gaizkileak; uhartea beharrean, Madrildik gertu dagoen etxetzar bat. Altxorra benetakoa da, etxe horretan gordetakoa. Eta ume bat, Bravo abizenekoa, ameslaria, errealitateaz jabetzen ez dena, misterioa baitu maite. Eta neska bat, Socorro izenekoa, azkarra oso, irakurle amorratua, diru asko nahi duena aitari liburudenda bat jartzeko.

Ezberdina da, noski, oso gaurkoa baita Pisónena. Autobidea egin zutenean bazter geratu zen jatetxe bat deskribatzen digu. Denok ikusi ditugu horrelakoak. Pena handia ematen dute, gainera: lehen, bide zaharra zegoenean jendez gainezka, eta orain… Desolazioaren irudia, denboraren marka eta seinalea, atzera joaterik ez dagoela adierazten diguna.

Adiskidetasun baten istorioa da finean. Umeak gazte bihurtuko dira, errealitatea zer den jakitean, misterioaren azpian zerbait logiko eta arrazoiz harrapatzeko modukoa dagoela ikastean. Maitasun istorioa, finean, maitasuna zer den jakin aurretikoa. Eta batez ere liburuekiko begirunea ageriko zaigu, irakurketaren goratzarrea. Horiek dira Pisónek ternezia handiz nahasten dituen elementuak, nobela labur bezain polit honetan.

Esan dezadan, azkenik, Ignacio Martínez de Pisón gazteleraz idazten dutenen artean interesgarrienetakoa dugula. Diferentea da. Haren liburuetan azaleko apaltasun ustekoa zerbaiten gordailu da, zerbait sakona ezkutatzen du: altxor bat. Itzulpena, Jimu Iturralderena. Txukuna. “Branka” saileko beste asko eta asko bezala.

Gustura irakurtzen diren liburuak atera dituzte orain arte, Aijmatovenak tartean, ondo itzulitakoak gehienetan. Kontuan hartzeko bilduma da, irakurtzea beharra baino gozategia den guztiarentzat behintzat.


Bravo anaien altxorra