Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Besterik gabe, Albina

Idazlea: Karlos Linazasoro Izagirre

Ilustratzailea: Iñaki Epelde

Argitaletxea: Ibaizabal

Urtea: 1991

Bilduma: Ala delta

Orri kopurua: 160


Laburpena:
Ez zegoen batere kontent Albina Otxotoko, besterik ezin eginean, zahar-egoitza hartara joan behar izan zuen egunean. Kontent ez ezik, zeharo tristetua ere bazegoela esan daiteke, hain baitzen eskerga bere bihotzean sentitzen zuen oinazea.


Prentsako aipamenak:

- "Diario Vasco" Gizon-emakumearentzat leku batzutan egotea deserrian egotea bezalakoxea da. Esate baterako, gartzela batean, eroetxe batean, zahar-egoitza batean. Hiruetan, harrizko hormak dira errealitatetik bereizten dituena barruan daudenak. Izpiritua ez dute inon, ez dira ez hemengoak ez hangoak, sentitzen dute beren haragian denboraren iragan mantsoa, eta onartzen dute azkenean beren mugetan errenditu beharra.

Albina zahar egoitzera ––lehen Mixerikordia deitzen zitzaien halakoei–– eraman duten emakumea da. Berehala egingo ditu lagunak eta konturatuko da bakoitzak ezizen bat duela. Horrela bada gure aurrean agertuko dira “Hartukoneko Markesa”, “Pajaropinto”,“Lafuche”, “Indalezio Ipurtondo”, “Billy Zorigaizto” gisa beren izen propioarekin baino ezagunago direnak. Noski, ezizen bakoitzak badu zerikusirik jartzen zaionaren izaerarekin. Poliki-poliki, Albinak baretasuna eta bakea ekarriko du zahar-egoitzera, eta era berean bere bizitzaren istorioa kontatzera ekingo dio.

Hauxe, gaiari buruz esan daitekeena. Bestalde, aipatu behar da ipuin honetako egitura klasikoa dela; hau da, pertsona multzo bat nbiltzen da leku kon kretu eta ttiki batean, eta ondorioz, eta denbora igarotzeko, nork bere istorioa kontatzen du, istorioa guztiak korapilatuz. Eredu gisakoa zein den jakiteko, gogoratu besterik ez dago munduko ipuin libururik zoragarrienekin, hala “Mila eta gau bat”, “Dekameroia”, eta b.

Eta idazteko moduari dagokionez, seinalatu Karlos Linazasorok oso erregistro herrikoiak erabiltzen dituela, oso markatuak direnak; baina liburu honetako prosak ez duela beste liburu batzuetan bezainbesteko zailtasunik.

Azkenik, Albina izango da ezizenik izango ez duen bakarra.Halaxe kontatzen du idazleak:

“––Eta Albinak? Ze izen du Albinak etxe honetan?

––Albinak? Bada horixe: besterik gabe, Albina.”

Liburu polit bat, samurtasunez eta gogoz idatzia.


Besterik gabe, Albina