Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Baloika

Idazlea: Aingeru Epaltza Ruiz de Alda

Ilustratzailea: Asisko eta Marko: Absurde

Argitaletxea: Pamiela

Urtea: 2000

Bilduma: Tamaina ttikia

Orri kopurua: 93

Adina: 10tik gora


Laburpena:

Mikeltxo bere ikastolako futbito taldeko jokalaria da, Ibai bere lagun minarekin batean. Ahaleginak egiten dituzte sailkapenean gora egiteko, baina beste talde baten azpijokoak bidea moztuko die behin eta berriz. Jokalari berri baten etorrerak badirudi haien zoritxarra aldaraziko duela. Ezusteko gertakari batek, ordea, haien amets guztiak desegiteko arriskuan jarriko ditu.


Prentsako aipamenak:


- Laura Sagastume, Behinola 3.zenbakia, 2000ko azaroa Literaturaren zelaian


Duela bi urte Sorginkerien liburua idatzi ondoren, Baloika liburuarekin datorkigu orain Aingeru Epaltza idazlea, eta hartan Kattalin neskatoaren pasadizoak kontatzen zitzaizkigun bezala, honetan haren neba Mikeltxo futbolzalearen istorioa kontatzen zaigu.

«Moralez eskas eta gogoz urri geunden eta partidu bakoitza sufrikarioa zen guretako», diosku protagonistak, baina moralez eskasago eta gogoz urriago geratu ziren Mikeltxo eta haren lagunak El Bordingo taldearen kontra jokatzea egokitu zitzaienean, batetik haurrengatik beraiengatik: «Beti iruditu izan zaizkigu martiztarrak baino arraroagoak. Uniformez joaten dira eskolara, denak beti berdin-berdin jantzita», eta batez ere Mikeltxok Zerri-Fina deitzen zuen harroputz makurrarengatik; bestetik, El Bordingokoen gurasoengatik: «Haurrak ezezik, haien aita-amak ere ezagutu genituen, eta haien seme-alabak nardagarriak baziren, zer erran partiduetara ezkontza batera bezain dotore joaten ziren gizon-emakume haiez?»; eta azkenik, arbitro saldu eta ankerrarengatik. Hala ere, Xanti ikasle berria ikastolara etortzearekin guztiz aldatuko da egoera: batetik, futbolean jokatzeari «baloika» ibiltzea esango diote; bestetik, golak barra-barra sartzen hasiko dira; eta azkenik, Mikeltxoren lagun mina den Ibairen haserrea piztuko da, berak ez baitu Xanti —edo Arkakuso, edo Kukuso— gogoko.

Baloika liburuaren aurkezpenean, egileak onartu zuen haurrentzako bere lanetan protagonistak muturrekoak direla eta kontzienteki agertzen dituela manikeotzat har daitezkeen egoera batean; berak, ordea, nahita egiten du hori, irakurleek protagonisten ñabardurak eta xehetasunak geroko lanetan topatuko dituztelakoan. Eta liburu hau irakurririk, halaxe dela ohartzen gara, batez ere gaiztoak oso gaiztoak direlako: Zerri-Fina jokalaria, Corella jauna, haren morroi-bizkartzain dirudien Pistolaria… Haurrak, esan gabe doa, berehala identifikatuko dira Mikeltxo eta haren taldekoekin, eta irakurleak, haur, gazte edo heldua izan, gustura egiten du istorioan aurrera. Edozein modutan, zalantza sortzen zaio istorioaren gakoa den Kukusoren bahiketarekiko: behar bezala justifikatua al dago, hark partidu batean huts egitea beste helbururik ez ote zuen?, ez al da guztiz argitu gabe geratzen?

Ikuspuntu manikeoak alde batera utzirik, nabarmentzekoa da Mikeltxoren taldean neskatila jokalari bat agertzea, Amaia izenekoa, baina harena presentzia sinboliko hutsa besterik ez da; eta nabarmentzekoa da, halaber, nahiz eta ia oharkabean igaro, armekiko egiten den hausnarketa sotila. Bestalde, amaiera nahiko irekia da eta seguruenik ez da haurren gogobetekoa izango, seguruenik haiek konponbide zoriontsuagoa nahiko bailukete, baina lerro hauek idazten dituenaren gogobetekoa da. Horregatik guztiagatik, eta ilustrazio aipagarri eta lagungarriengatik, Sorginkerien liburua hura bezala, gomendagarria da Baloika liburu hau ere.

- Javier Rojo, El Correo 2000ko azaroaren 29a Umeak eta kirola

Aingeru Epaltzak esandakoari kasu eginez gero, bere seme-alabak izan ditu gogoan ipuin hau, "Baloika" izenekoa, idazterakoan. Agian, buruan hain irakurlego zehatza edukitzeak liburuaren zenbait ezaugarri argitzen ditu. Topikotzat har daitekeen planteamendua daukagu hasteko, umeak eta kirola elkartzen dituen filme askotan gauza berbera agertzen baita. Bi talde daude (kasu honetan futbol taldeak), bata protagonista narratzailearena da. Hauek jokuaren arauak errespetazen saiatzen badira ere (eta, behar bada, horregatik) beti galtzen dute El Bordingo taldearen aurkako partidetan, azken hauek irabazleak izateko edozein joku zikin egiteko prest baitaude. Idazleak inolako dudarik gabe galtzaileen taldearekiko identifikazio erraza bilatu du, galtzaileak izan arren ondratuak baitira. Planteamendu honi gaineratu behar zaio protagonistaren taldeak egiten duen fitxaketa berria, zeren jokalari berri honi esker, egoera aldatzeko aukera izango baitute. Idazleak bi taldeen arteko erabateko ezberdintasuna markatzen du, nire ustez xinpleegia den era batean, bi taldeok, onak eta gaiztoak, zeharo inkonpatibleak bailiran. Badirudi idazleak zuri eta beltzeko argazkiak egitean grisak ere badaudela ahaztu duela. Zera, kontraste bortzitegia.
- Deia, 2000ko urriaren 13a Pamiela argitaletxearekin plazaratu du Aingeru Epaltza idazle nafarrak haurrentzako bere hirugarren liburua: "Baloika". Lehenago baditu argitaratuta "Lur zabaletan" eta "Sorginkerien liburua".

Epaltzaren lan berrian Mikeltxo eta Ibairen gora-beherak kontatzen zaizkigu; euren ikastolako areto-futbol taldean jokatzen dute eta sailkapenean gora egin nahian dabiltza, baina beste taldeen azpijokoek eta euren asmoak zapuztuko dituzte behin eta berriz.

Liburuko marrazkiak Asisko Urmaneta eta Marko nafarrenak dira.


Baloika