Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Atlas sentimentala

Idazlea: Patxi Zubizarreta Dorronsoro

Ilustratzailea: J.M. Miguel Amoztegi

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 1998

Bilduma: Ostiral

Orri kopurua: 136

Adina: 14tik gora


Laburpena:

Patxi Zubizarretaren aurreko nobelan, Eztia eta ozpinan, gazte marokotar bat zetorren Europara etorkin gisa; Atlas sentimentalean, berriz, Euskal Herriko gazte bat doa Marokora denboraldi baterako. Hango egonaldia kontatzen zaigu nobelan, hango kulturarekiko lilura. Bidaia liburua?, maitasun historia?, bietatik badu zerbait, baina bada askoz gehiago ere.


Prentsako aipamenak:


- Xabier Etxaniz Erle, Behinola 1. zenbakia, 1999ko azaroa Gazteen interesak


Inor ez litzateke harrituko arabiarren eta Patxi Zubizarretaren literaturaren arteko harremana aipatuz gero. Gutun harrigarri bat ipuinean, Eztia eta ozpina nobelan, eginiko itzulpenetan (Ali Baba, Sinbad, Aladin), eta abarretan agertzen zaigu harreman hori. Eta bere azken lanean ere, Atlas sentimental liburu honetan, arabiarrak ditugu presente.

Aste santuko oporretan Atlasetako Toubkal mendia igotzeko asmoz joan dira Martin eta bere gurasoak Marroko aldera, zoritxarrez, Martinek orkatila bihurtu eta herri batean geratu behar du gurasoek mendia igotzen duten bitartean. Bakardade horretan, Martinek egunkari bat idazteari ekingo dio, irakurtzen ari den Eskua bete izar nobelaren antzeko bat, hain zuzen. Eta horixe dugu nobela hau, Martinek bost egunetan zehar eginiko egunkaria. Edozein unetan koadernoa hartu eta jazotakoak, gogoetak, burutapenak, idatziko ditu Martinek. Baita Euskal Herriko lagunei bidaltzeko eskutitzak, entzundako ipuin eta kontakizunen bat edo beste, poemaren bat... edo bertako hainbat lagunekin izandako elkarrizketak ere. Elementu horien guztien arteko eginiko masa ederki egosita aurkeztzen zaigu. Hari fin baten bidez, Martinen baitan ematen ari den aldaketa etengabe baina astiro horren bidez, loturiko elementuek lan ederra eskaintzen dute. Mosaiko zahar eta landutako horien antzera, irakurlea harrituta sentituko da ezer gertatzen ez den nobela batean zenbat gertakari ematen diren ikustean.

Martin bakarrik dago Imi Oughlad herriskan eta hasiera batean sentimenduak komunikatzeko beharra koadernoak asetuko du. Gaztearen beldur, kezka eta pentsamenduen isla izango da koadernoa. Baina orduak pasa ahala Fatima, Abdelkrim irakaslea, Said eta beste hainbat lagunek beteko dute Martinen bakardadea; era berean, lagun horiekiko harremanaren ondorioz hainbat eta hainbat istorio, gertakari eta pasadizo ezagutuko ditu gazte iruñearrak.

Baina abenturak, maitasun istorioak eta horrelako gertakariak baino intesgarriagoa da, nire ustez, gazte baten ikuspuntutik ematen zaigun arabiar kulturaren berria. Hango bizimodua, ohiturak, paisaiak, egunerokoak,... horiek denak ezagutuko ditugu euskal gazte baten ikuspuntutik; hots, gure bizimodutik eta gure kulturatik.

Martinek, gainera, idazkeraz gain ilustrazio darabil bere sentimenduak eta gertakariak azaltzerakoan... eta horren lekuko dira liburuan ageri diren irudi txiki ugari; errealistak eta testuaren osagarri egokia direnak.

Eztia eta ozpina nobela ezagunarekin gertatu bezala (bada haren aipamen-jolas ezkutu bat) ziur gaude oraingo obra honetan ere irakurle gaztea pozik egongo dela gazteen benetako interesak (maitasuna, sexua, norberaren garapena, lagunak...) ederki landuta agertzen direlako nobela on honetan.

- Javier Rojo, El Correo 1999ko otsailaren 24a Marokoko egunkaria

Gazte literaturaren sailekotzat hartu daitekeen liburu honetan adoleszente batek Marokon bidaia bat egiten pasatu dituen egunak kontatzen zaizkigu, egunkari moduan kontatu ere. Protagonistak, istripu txiki bat dela-eta, zenbait egun pasatu behar ditu bakarrik, eta egun horiek jasangarriagoak egiteko asmoarekin egunkari bat egitea deliberatzen du. Egunkari txiki horretan ikusiko dugu nola pasatzen diren egunak zeharo desberdin zaion gizarte batean, bere bizitza arruntean dituen erosotasunak falta dituelarik. Eta orrialde horietan bere lehenengo esperientzia sexualak ere kontatuko ditu. Hasiera batean, sexuari buruzko aipamen batzuek kontakizunean ez dutela inolako funtziorik betetzen dirudi, baina nobelatxoak aurrera egin ahala, benetako gaia horixe dela konturatuko gara. Protagonistaren adinari dagokionez, sexua erdiguneko gaia baita. Bestaldetik, ekialdeko tradizioa integratuko da kontakizun honetan, pertsonaia Mila gau eta gau bat gehiago-ko ipuin batean gertatutakoaren lekukoa bailitzan agertzen baita batzutan. Eta honez gainera, liburuan islamdarrei buruzko topiko batzuk apurtzeko asmoa ere bada. Dudarik gabe, Zubizarreta idazle trebea da, izaera desberdineko lanak idaztean behin eta berriro frogatzen duen bezala.


Atlas sentimentala