Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Altzeta

Idazlea: Karlos Linazasoro Izagirre

Argitaletxea: Alberdania

Urtea: 1996

Bilduma: Ostiral

Orri kopurua: 184


Laburpena:
Geografia intimo bat da. Ez dago inon, egilearen begien barnean ez bada. Baina irakurleak, hala ere, izango du makina bat pertsonaia, makina bat izen eta leku eta gorabehera mundu ttiki horren berri zehatz emango dionik. Sortu bezala suntsituko da Altzeta, ezerezetik ezerezera doan bidaia noragabean. Hondamendia iritsi bitartean, ordea, gauza asko gertatuko da bertan: Zooaren sorrera, Goiko Bentako ibilera isilekoak, tren ttikiaren ibilaldiak, eskia… Atzera eta aurrera mugituko ditu kontalariak hariak, noiz umorez, noiz ukitu tragikoz edo lirismoz, noiz errealitateak eskaintzen duen magiaren lurrinez; baina zuhur beti ere. Eta borobilduko da azkenean zirkulua eta patuaren esanera errendituko da hemen ere, agian amets polit bat besterik izan ez zen mundu koloretsua.


Prentsako aipamenak:

- Mikel Aldalur, Egunkaria 1996ko uztailaren 27a Euskal labela

Orriotan bertan, Linazasoro mintzagai izan nuen aurrekoan, bere Euriaren eskuak poemarioaz jarduteko izan zen. Poema haiek tristuraren eremu semantikoan mamituak daudela esan nuen memoriak huts egiten ez badit eta Udazkeneko karabana erratua hartan bezala patrikak nostalgiaz beterik zituen norbaitek idatziak zirela.

Nostalgia nabari daiteke Altzeta eleberri honen azken atalean ere, istorioaren narratzailea argazki-kamera eta koadernoa hartu eta talaiara igota, herrixkaren une latz haien notaritza-lanak egiten dabilenean. Altzetaren egoera berriari begira narratzaileak sentitzen duen nostalgia. Baina tristuraren eremu horretatik landa dabil, oro har, narrazio osoa. Bada nostalgiak ehotutako oroimenik eta narratzaileak iraganeko egoerak oroitzen ditu liburu osoan -lehenaldian xahutzen da testua-, baina erabat bestelakoa da gertaeren tonua.

Talaiara igota, Altzeta izan denaren eta Altzetak izan dituenen argazkia osatzen digu narratzaileak eta argazki hori, aipamena merezi duen kalitatekoa, da eleberria osoa. Esan beharko genuke, argazki ezaguna dela gure literaturan: nekazaritza giroko Euskal Herriko herrixkaren bateko gora-beherak agertzen dituena lerroen koloreetan. Baina nekazaritza giroko gainontzeko euskal herrixken ezaugarri berberak izan arren, beste herrixka bat da Altzeta ere. Ezagutzea merezi duen beste bat gehiago. Eta ez diogu gure literaturaren geografia ezagutzeari uko egingo.

Irakurleari ere ez zaio damutuko Altzetara hurbiltzea. Lehen orrialdean bertan aurkezten da herrixkaren oreka hautsiko duen gertaera eta, neurri handi batean, istorioaren ardatza izango dena. Herritik duela urte asko aldegin zuten Pokabistakoek Afrika aldera, urre beltzaren bila. Orain, urrearekin ez, baina senar eta haurrak beltzak dituela, itzuliko da aldegin zuen bikotearen alaba. Mohammeden ahalmen bereziek eta hark Afrikatik ekarritako zoologikoak hankaz gora jarriko dute Altzetako bizimodu lasaia, eta hortik aurrerakoak atseginez irakur daitezke: Don Justino maisua, Goiko-Bentako señoritak, guardia zibilak, eskiatzaileak eta Lizardi bera ere tartean direla. Tarteka, algararik ere sortzen dute Linazasororen ateraldi biribilek, eta ateraldi berrien bila, atseginez bultzatzen irakurlea narrazioan barrena.

Esan dugu lekua ez dela inondik ere argazki berri bat ateratzekoa. Hala ere, Altzeta izeneko azken argazki honek kolore eta egoera atseginak aurkezten dizkio irakurleari eta, benetan, euskal labela daraman argazki ona lortu du Linazasorok. Hurrengoaren zain gustura gelditzeko modukoa.


Altzeta