Argitalpenak

Liburuaren irudia

Izenburua: Aitatxo balkoian dago

Idazlea: Seve Calleja Pérez

Ilustratzailea: Belén Lucas Pérez

Itzultzailea: Jon Suarez Barrutia

Argitaletxea: Desclee

Urtea: 1997

Orri kopurua: 38


Laburpena:
Karlari Pixati ahatea hil zitzaionean, aitatxok balkoiko lorontzi batean lurperatu zuen. Eta Anttonen Alberta arratoiarekin berdin egin zuen. Neba-arreba biok badakite zer den izaki maitea galtzea, baita non aurkitu berriro ere. Eta ez dira heriotzaz hitz egiteko beldur, nahiz eta, amaren arabera, heriotza gauza tristeen zakukoa izan, gerrak, pobrezia eta gaisotasunak bezalaxe.


Prentsako aipamenak:

- Kukuluma, 1998ko maiatza. 2. zkia Aita gaixotzen denean, eta amak izkutatu egiten dienean egia, Karla eta Antton bakarrik sentitzen dira, soberan dakitelako zer gertatzen zaion aitatxori. Eta aitak barneko maitasunetik indarrak bilduz, seme- alabarekin hitz egiten du, elkarrizketa sortuz: gauzak esplikatzeko, etorkizunari zentzua aurkitzeko, laino beltzen artean itxaropena somatzeko. Eta aita hil egiten da...!

Ondo narratutako istorioa, gai tabua eta errealista kontatzen diguna.
Sakona, pertsonaiak ondo definituak eta, aldi berean, irakurtzeko arina.
Idazlea haurren munduan oso ondo barneratzen da eta irakurketa irekia ahalbideratzen digu.
Liburu interesgarria.
- Javier Rojo, El Correo Heriotzari buruz

Seve Callejak haurrentzako liburu bat egiteko gai zaila aukeratu du honetan, zeren Aitatxo balkoian dago izeneko ipuinean heriotzari buruz aritzen baita. Nola lortu, bada, gaia haurren neurrikoa izen daitekeen era batean azaltzea? Callejak nebarreba batzuei gertatutakoak kontatzen dizkigu, beren etxeko animalien heriotza abiapuntutzat hartuta. Animalia kuttunak hiltzean, aitak balkoian zegoen lorontzi batean lurperatzen zituen, eta hango landareetan loreak agertzen zirenean, animalia horien presentzia berpizten zitzaien. Honela lortzen zuen aitak heriotza gauza normaltzat har zezaten, haren aurrean larritasuna uxatuz. Ezen aitak jakin ere badaki gaixorik dagoela eta momenturen batean haurrek beraren heriotzari ere aurre egin beharko diotela... Eta irakaspen horiei esker, haurrek jakingo dute egoera nolabait onartzen. Seve Callejak gaia era fin eta delikatu batean erabili du, ia-ia era poetikoan, gaiak berez dituen alderdi ilun guztiak baztertuz. Heriotzen paralelismoa, bestaldetik, bikain lortuta dago nire ustez. Gaia haurrentzat ulergarri bihurtzeko ahalegin handia egin duela ezin uka; baina, egia esan, honen egokitasunaz aritzeko literatur kritiko baten iritzia baino askoz egokiagoa izango litzateke psikologo batena.
- Felipe Juaristi, Diario Vasco Heriotzaren berri

Askotan galdetzen diot neure buruari nola adierazi haur bati heriotza zer den, zein modutan azaldu gertaera triste horren errealitatea. Ez da erraza, helduoi ere zaila eta neketsua egiten zaigu galdera horren azpildurak esku betean hartzea. Ez dugu heriotzarekin ezer jakin nahi eta hari bizkarra emanda bizi gara. Badakigu egunen batean geure ordua eta geure txanda iritsiko dela eta gu ere joan egingo garela beste batzuk gure aurretik joan diren bidetik. Baina bizirik gauden bitartean muzin egiten diogu heriotzaren ideiari. Hildakoak ez ditugu ikusi nahi, hilerriek hozkia ematen digute. Eta horrela…

Seve Callejak heriotza zer den kontatzen digu ipuin samur eta hunkigarri honetan. Bi haur dira bertako protagonista: Karla eta Antton. Karlari Pixati izeneko ahatea hil zitzaion eta aitak lorontzi batean lurperatu zuen. Harrezkero, lore handi eder bat ikusiko da balkoian. Anttoni Alberto arratoia hil zitzaion eta aitak, orduan ere, lorontzi batean eman zion lur. Eta lur horrek lore handi eder bati eman dio bizia. Halaxe dira gauzak, bi haur horien irudimenean. Inor ez da erabat hiltzen, hildakoak ere bizigai bihurtzen baitira, izatearen gurpilean.

Karla eta Antton, animalien azkentzea ikusi ondoren, aitarenaren lekuko izango dira. Eta gauza asko etorriko zaizkie burura aita hil eta gero. Hilerria, esaterako, lorontzi handi bat bezalakoa dela; amak, gauez, etxeko balkoitik zeruko izarrei begira geratzen dela. Horra haurra izatea zer den: heriotzari ez diote ematen guk ematen diogun zentzu tragikoa. Denok ditugu gure trikimailuak maite ditugun pertsonak gure oroimenaren zakutxoan gal ez daitezen. Karla eta Antton jakintsuago egingo dira aitaren heriotzaz geroztik, bizitzari begi berriez so egingo diote, sekretuaren jabe balira bezala.

Esan dut oso polita dela, bere tristuran, ipuin hau. Nire iritzirako, Seve Callejak idatzi duen politienetakoa. Gaia ere, haur-literaturan ohikoa ez izan arren, halakoxea da: bihotzaren zola ukitzen duen horietakoa. Izan ere, haurrak ez dira tontoak eta beren inguruan gertatzen den guztiaz konturatzen dira. Hobe genuke itzuli-mitzuli ibiltzeke egia esango bagenie beti.


Aitatxo balkoian dago