Izenburua: Ahatetxo polita eta beste batzuk
Idazlea: Antton Kazabon AmigorenaIlustratzailea: Jon Zabaleta
Argitaletxea: Denonartean
Urtea: 2025
Orri kopurua: 62
Adina: 8tik gora
Laburpena:
Ipuin bilduma da, lau kontakizun biltzen dituena. Klasiko baten berridazketa eta istorio originalak tartekatzen dira. Tamaina txikiko liburua da, tapa gogorrekoa eta edizio zaindua du. Narrazioa eta elkarrizketa tartekatzen dira. Orokorrean esaldi motz eta irakurterrazetan idatzita daude, letra tamaina eta lerroartea lehen irakurleentzat aproposa. Ilustrazioek irakurketa arintzen dute.
Istorioek seme-alabekiko maitasuna, bazterkeria, jeloskortasuna eta autoestimua bezalako gaiak erakusten dituzte, baina guztiak gai nagusi baten bueltan txirikordatzen dira: amaren maitasuna, edota maitasun eza. Maitasuna eta edertasuna goraipatzen dira, ederra izatea eta maitatua izatea zoriontsu izateko nahitaezko baldintzak balira bezala. Kontakizunek tonu hunkigarria dute, zenbaitetan ezkortasun ukituak agerian utziz.
Liburuaren azala urdin kolore bizikoa bada ere, narrazioetan ageri diren irudiak zuri-beltzekoak dira, ia denak marko batean sartuak. Estilo sinple eta ikonikoa erakusten dute.