Hemeroteka


Elkarbanatu
2023-01-23

Hasi da BIKO-TEKA

Iruñeko Kondestablearen jauregian hasi da BIKO-TEKA tailerraren edizio berria. Ostiralera arte zortzi bikote –ilustratzaile eta idazle– ariko dira albumak sortzeko prozesua jorratzen Aitziber Alonso ilustratzailearen eta Harkaitz Cano idazlearen gidaritzapean. Tailerra Iruñeko Udalaren laguntzari esker egiten dugu Etxepare Sariaren antolatzaileen babesarekin. 

BIKO-TEKAn hasi diren sortzaileen profila oso anitza da adinari eta jardunei dagokienez. Belaunaldi ezberdinetakoak dira eta antzerkiaren, zirkuaren, ikus-entzunezkoen, argazkilaritzaren, arkitekturaren, itzulpengintzaren, irakaskuntzaren eta psikologiaren eremuetatik datoz. Goizez eta arratsaldez arituko dira egunero ostegunera arte eta ostiralean eguerdian amaituko dute. Asteazkenean Asun Agiriano bibliotekariaren eta Garazi Arrula editorearen bisita izango dute, liburuaren esparruko beste ikuspegi eta esperientzia batzuk kontatzera etorriko dira. 

Harkaitz Canok, aurkezpenean, aurtengo erronka bikote bakoitzaren albuma hasiera-hasieratik lantzea dela esan du. Lanketa hori bikoteekin egingo dute eta taldean ere bai. Izan ere, BIKO-TEKAren ezaugarrietako bat da sortzaileen topagunea izatea, hau da, oro har bakarrik egin ohi den lan bat taldean egiteko aukera ere ematen du. Aurten, gainera, Alonsok eta Canok tailerra amaitu eta aholkularitza eskainiko diete eskatzen dieten bikoteei.