Hemeroteka

2026-05-28

Albumari buruzko saioa bitartekaritza ikastaroan

Album ilustratuari buruzko saioa egin genuen Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroan. Karla Fernandez de Gamboa EHUko irakasle eta ikertzaileak hartu zuen hitza lehenbizi, eta albumaren ezaugarriak azaldu zituen; hain justu, albumaren ezaugarri guztiek narraziorako aukera direlako. Albumaren tamainak, esate baterako,  zeresana du; handia bada partekatzea eta partehartzea errazten ditu, txikia bada intimitatea. Azalak eta kontrazalak, babesorriak, portada, plegua, orriak, tipografia (tamaina, letra tipoa, nola kokatuta dagoen...). Albumean, azken batean, hitzek eta irudiek elkar hartzen dute, eta bi kodeen arteko harremana da albumaren oinarria. Album sorta handia eraman zuen, eta ezaugarri bakoitzaren adibide gisa erabili zituen. 

Ondoren, Maite Gurrutxaga ilustratzaileak bere lan prozesuari buruz hitz egin zuen. Nola lan egiten duen, zeri ematen dion garrantzia, zer zailtasun dituen, nondik sortu dituen egin dituen obrak. Liburuak erakutsi zituen, zirriborroak, orijinalak eta lan koadernoak; bere lan prozesu osoa erakutsi zuen eta ikasleak aho zabalik utzi ere. Lan koadernoak eskuz esku pasatu ziren, eta ikasleek liluraz begiratzen zieten. Enkarguz jasotako lanen aurrean hartzen dituen erabakiak azaldu zituen, bere kabuz egiten dituen liburuak nondik jaiotzen diren eta, elkarlanean ari denean, nola aritzen den ere kontatu zuen. 

Amaieran tarte bat hartu genuen biribilean eseri eta albumetara nola iritsi garen partekatzeko, baita bitartekarientzat eskuetan diren erreminta gisa dauzkaten aukerei buruz hitz egiteko ere.