Hemeroteka


Elkarbanatu
2022-09-29

49 ikastetxe eta 4000 ikasle baino gehiago aurtengo Liburu Gaztea booktrailer lehiaketan

Abian da Liburu Gaztea Booktrailer Lehiaketaren edizio berria. Aurten 28 ikastetxek eman dute izena Gipuzkoako lehiaketan eta 21ek Bizkaikoan. Horren arabera, 4.000 ikasletik gora ariko dira liburuak irakurri eta haiei buruzko book trailerrak egiten datozen hilabeteetan. Egitasmo hau Galtzagorri Elkarteak antolatzen du urtero Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin eta, lehenengoz, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz Bizkaiko ikastetxeei ere zabaltzea lortu du.

Honen helburua 12 eta 16 urte bitarteko gazteen irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, horretarako teknologia berriak erabiliz. Lehiaketan parte hartzen duten guztien egitekoa honakoa da: maila bakoitzerako proposatutako liburua irakurtzea eta horri buruzko book trailerra egitea, liburu horren irakurketa sustatzeko. Hala ere, ikastetxetatik kanpo Norbanakoen kategoria ere badago lehiaketan. Honetan parte hartu nahi dutenek, nahikoa dute azken eguna baino lehen (2023ko martxoaren 3a) book trailerra TikTok aplikazioan igo eta web gunean eskatzen diren datuak betetzearekin. Oinarrietan dago informazio guztia zehatz mehatz azalduta.

Book trailerrak egiteko grabazio eta edizio tekniken inguruko formazioa irakasleentzat

Urtero bezala, egitasmoan parte hartzen duten irakasleentzako formazio saioak eskainiko ditu Galtzagorri Elkarteak urrian. Aurtengoetan ere, book trailerrak egiteko grabazio aholkuak, edizio programak eta teknika ezberdinak aurkeztuko zaizkie irakasleei. Horretarako, lau orduko ikastaro praktikoak eskainiko zaizkie, urriaren 14an, goizez, Tabakaleran Gipuzkoako irakasleei eta 17an, Bizkaikoei. Lekua oraindik zehazteke dago.

Lehiaketaren edizio honetan ere sariak epaimahaiak erabakiko ditu eta horrela banatuko dira:

IKASTETXEKA:

- DBH1- DBH2 kategorian: abentura txangoa lau laguneko talde irabazlearentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

- DBH3-DBH4 kategorian: abentura txangoa lau laguneko talde irabazlearentzat, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200 euroko bonoa ikasgelarentzat.

NORBANAKOKA: Abentura txangoa bi lagunentzat eta 100 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Publikoaren saria ere izango dugu:

- Ikastetxeen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

- Norbanakoen kategorian: 200 euroko bonoa liburu eta diskotan gastatzeko.

Publikoaren sarian BOZKETAN PARTE HARTU DUTENEN ARTEAN e-reader bat zozkatuko da.

Gainera, 2022-2023 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako irabazleek (Ikastetxeak Kategorian, DBH3-4), hurrengo edizioko spota edo promozio-bideoa egiteko aukera izango dute.

Aurtengo irakurgai hautatuak eta ezinbestekoen zerrendatik liburua hautatu, irakurri eta rec botoiari sakatzea besterik ez da geratzen orain. Spoiler gehiagorik ezin dugu egin... Erronka martxan da eta irrikitan gaude aurtengo booktrailerrak jasotzen hasteko! EKIN!