AURREKO EDIZIOAK > 2012-2013

 Galtzagorri Elkarteak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Liburu Gaztea literatura sariarentzako deialdia zabaldu zuen 2000-2001. ikasturtearen hasieran lehen aldiz. Harrezkero, ikasturtero errepikatu den deialdia izan da hau.

Irakurzaletasuna sustatzeko asmoa duen Liburu Gaztea ekimena euskal literaturan urtero burutzen diren beste sarien artean bat gehiago izateko bokazioz jaio zen, baina berezitasun nabarmen eta garrantzitsu batekin: DBHko ikasleak direla liburuak irakurri eta epaimahaikide gisa jarduten dutenak. Aurretik, Galtzagorriko hautaketa batzorde batek aukeratzen ditu liburuak: 12-16 urte bitarteko gazteentzat urtero euskaraz argitaratutako guztia irakurri eta, kalitate handieneko tituluak hautatzen dituzte maila bakoitzerako.

2012-2013 ikasturtetik aurrera Liburu Gaztea Lehiaketa Liburu Gaztea Sarea bihurtu da. Aldaketa nagusiak hauek izango dira:

1. Ikasleek parte hartu ahal izateko Galtzagorrik proposatutako liburuen inguruko booktrailerrak egin beharko dituzte.

2. Booktrailer onenen egileek irabaziko dituzte sariak.

Nola parte hartu:

Liburu Gaztea Lehiaketan parte hartzeko booktrailerrak sortu behar dira. Jarraian aipatuko ditugun zerrendetako liburuen artean, titulu bat aukeratu behar da. Booktrailerra horietako liburu batean oinarrituko denez, aurrez liburua irakurri eta landu beharko da, noski.

Aurten Liburu Gaztea Batzordeak DBHko maila bakoitzeko liburu bat proposatzea erabaki du, beraz aurtengo proposamenean mailako liburu bat izango duzue. Horrez gain, literatur adituek Euskal Gazte Literaturan ezinbestekotzat jotzen diren liburuen zerrendako liburuak ere lehiaketan sartuko dira. Horietakoren baten booktrailerra ere egin daiteke. Baina, beti ere, maila bakoitzak dagokion adin tarteko liburua aukeratu beharko du.

Aurtengo proposamenak

Ezinbestekoak

Booktrailerra sortu ondoren web guneko Booktrailer atalera igo behar da. 2013ko martxoaren 15a baino lehen. Horretarako, atal honetako Igo zurea azpiatalean aurkituko duzun formularioa bete eta igo zure booktrailerra web gunera.

Lehiaketaren oinarriak: Liburu Gaztea Sarea.