atzera

Transmedia irakurketa klubak

Orona Fundazioak eta Galtzagorri euskal haur eta gazte literatura elkarteak elkarlanean “KlisKlasIK” izeneko euskarri ezberdinetan oinarritutako irakurketa kluba jarri zuten martxan 2018ko uztailean lehen aldiz. Liburua, ahotsa eta marrazteko tresnak batetik eta tableta, ordenagailu eta sakelako telefonoak bestetik, 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako euskaraz eta euskarazko haur literatura oinarri hartuta burutu zen transmedia klub hau Orona Fundazioko eraikinean (Hernanin, Galarretan, Gipuzkoan). Honen bigarren edizioa urte bereko abenduan egin zen.

Transmedia irakurketa klubaren lehenengo bi edizioek Galtzagorri elkarteak 2014. urtean sortu zuen Klis-Klasikoak app bildumaren azken Appa izan dute oinarri: 2018an sortutako “Amattoren Uzta App”a, hain zuzen. Baita app horrek oinarri duen Mayi Ariztiak idatzi, Patxi Zubizarretak eguneratu eta moldatu eta Maite Gurrutxagak ilustratu zuen Amattoren Uzta (Alberdania, Erein, Igela, 2012) liburua ere.

                                                                                                                    

 

Helburuak

KlisKlasIK egitasmoaren helburua 8-12 urte bitarteko gaztetxoen irakurzaletasuna sustatzea eta literatura dibertsioarekin lotzea da. Hori dela eta, klub honen barruan artea, irakurketa, ahozkotasuna, app-ak eta programazio informatikoa uztartzen dira.

Izan ere, egun Haur Literatura ez da bakarrik liburura mugatzen: ahozko kontaketak eta ilustrazioak betidanik izan dira literaturaren genero honen lengoaiak. Areago, egun teknologia berriak paperezkoa osatzera datoz. Paperean irakurtzeaz gain, pantailan irakurri daiteke; paperean irakurritakoa, bidenabar, pantailan osatzeko aukera dago.

Gidariak

Euskarri ezberdinetan oinarritutako irakurketa klub honen lehenengo bi edizioetan parte hartu duten haurrek gidari izan dituzte “Amattoren Uzta App”aren sortzaileak: Patxi Zubizarreta idazlea, Maite Gurrutxaga ilustratzailea eta Oreka Interactive S.L. enpresako kide Imanol Erauskin. Hortaz, Euskal Haur eta Gazte Literaturan zein bideo joko eta app-en esparruan ibilbide handikoak diren profesionalek dinamizatu dituzte klub honen bi edizioetako saioak.

Bigarren transmedia irakurketa kluba. Spot-a