atzera

APP-ak

Amattoren uzta App

Amattoren uzta App

Amattoren uzta App

"Amattoren Uzta" liburuan Mayi Ariztiak Ipar Euskal Herriko ipuin kontalari zenbaiti entzun eta bildutako ipuinak hartu ditu oinarri Galtzagorrik app berri hau sortzerakoan. App honetan transmedia kontakizunetara salto egin du Galtzagorri elkarteak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Orona Fundazioaren eta Erein argitaletxearen laguntzarekin.

Liburuko 15 ipuin tradizionaletako bosti bizi berria eman die: Beldurrezko abentura grafiko bihurtu du “Itsasuar baten istorioa”; abentura grafikoa sortu du “Hartz-kumeren istorioa”rekin; 360 graduko esperientzia diseinatu du “Gameluaren istorioa” oinarri hartuz ; guda desafio jolasa asmatu du “Ama-alaba batzuen istorio”tik abiatuz; eta ipuin interaktiboa “Arttoren istorioa”n oinarrituta. Guztia gainera berariaz sortutako musikaz lagunduta.

Joko eta desafioak, abentura grafikoak, errealitate birtuala, 360ºko esperientziak, ilustrazio animatuak, interaktibitatea, musika… osagai horiek guztiak uztartzen ditu app honek, 8-12 urte bitarteko irakurle gaztetxoari esperientzia berri bat eskaintzeko. Gainera, jolasten duen bitartean, istorio tradizionalak entzuteko parada izango du irakurleak.

Patxi Zubizarreta izan da gidoigilea eta Maite Gurrutxagak ilustratu ditu animazioak, eszenak eta pertsonaiak istorio horiei interaktibitatea eta animazioa emateko asmoz. Joserra Senperenak jarri die musika jolasei, Amaia Hennebuttek Patxi Zubizarretarekin batera ahotsa eman die. Eta Oreka Interactive enpresak egin du garapen informatiko osoa.

Istorio hauek bizi nahi dituzu?

Oraindik deskargatu ez baduzu, nahikoa duzu behean dituzun loturetan klikatu, eta bertatik dohainik deskargatu ahal izango duzu aplikazioa zure mugikorrera, tabletara edota ordenagailura.

 App-a erabiltzeko gida ere deskargatu dezakezu, hemen.