Irakasle eta hezitzaileon egitekoa da, ahal izatera, eta irakurzaletasuna sustatze aldera, ikasleei arrazoi jakinengatik gozagarri, hunkigarri, mamitsu edota arin gerta dakizkiekeen liburuak eskura jartzea. Beti ez dugu asmatuko, jakina, baina beti izango dugu aukera handiagoa ikasgela berean egon arren, ikasle bakoitza bakarra eta desberdina dela, eta nork bere interesak, zaletasunak, gaitasunak, zailtasunak eta erritmoak dituela kontziente bagara. Horretarako, ikasle bakoitzarengana iristeko, funtsezkoa da ikasle bakoitza eta bere ingurumaria ezagutzea. Horregatik ez diot zentzurik ikusten, taldeko lanketa berezi baterako ez bada, ikastalde bereko ikasle guztiak liburu bera irakurtzera derrigortzea denek egun eta ordu berean egingo duten azterketa bat egiteko, zer esanik ez irakurzaletasuna sustatu nahi bada.
Bigarren ikasturtea dut hau Noaren euskara irakasle eta tutore lanetan, eta oso harreman hurbila dut bai berarekin eta baita Noaren etxekoekin ere, amarekin batez ere. Etxean gai ezberdinen inguruan elkarrekin solastu eta sakondu zaleak dira, eta baita irakurle amorratuak ere. Noa, 13 urteko gaztetxoa izanagatik, maizago eta gusturago murgiltzen da heldu literaturako irakurgaietan. Harreman eta ezagutza horretatik, nire ustez asko gustatuko zitzaion eta amarekin batera apenas lantzen eta ahoskatzen diren hainbat gairen inguruan (udalekuak, hilekoa, indarkeria, abusuak, bortxa…) lanketa eder bat egiteko aukera eskainiko zion liburu zoragarri hau proposatu nien biei. Belaunaldi ezberdinek gai berberak nola landu eta bizi izan dituzten elkarrekin ikusteko. Eta asmatu nuen, asmatu nuenez. Liburua asko gustatu zaie eta ordu eta laurdeneko lanketa-solasaldi oso interesgarria ondu dute, liburuaz, ilustrazioek iradokitzen dienaz, erdi edo tabu oso diren hainbat gai eta bestelakori buruz. Beren bizipen eta emozioak ere partekatzen dituzte, sakon eta serio inoiz, irribarrez eta algaraka aldika. Batzuek agian hau irakurri arte ez zuten pentsatuko liburu baten inguruko lanketa ama-alabei, biei, proposa zekiekeenik ere. Ikasgela batean, zeinahi lanketa eta proposamenek izan behar du pentsagarri eta bideragarri. Ikusi askatasunari mugarik jartzen ez zaionean nolako harribitxiak ontzen diren.
Testuaren egilea: Ekaitz Goikoetxea Asurabarrena (Beasain BHI)