Arituak

Maleta Ibiltaria. Egape ikastola

Maleta Ibiltaria Egape ikastolako (Urnieta) Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehenengo zikloan egiten den jarduera da. Gelan bakoitzak bere Maleta Ibiltaria du eta bertan hiru hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa) idatzitako liburuak, zenbait gomendio eta koaderno bat daude. Maletak astebeteko egonaldia egiten du familia bakoitzaren etxean, horrela haurrak bere familiarekin konpartitzen ditu liburuak. Astebete igarotakoan, Maleta gelara bueltatzen da. Haurrak familiarekin konpartitu dituen momentuak kontatzeko aukera du eta baita Maletan dagoen koadernoan idatzi edo marraztu dituen bizipen, esperientzia edota iradokizunak azaltzeko aukera ere. Astez-aste etxez-etxe ibiliko da Maleta, istorio eta ametsak zabalduz eta bizipenak jasoz.

Maleta Ibiltariaren helburua irakurzaletasuna sustatzea da, irakurriz gozatzea eta ipuinen munduan murgiltzea, betiere familiaren parte hartzea bultzatuz.