Jarduera honek helburu bikoitza du. Alde batetik, ikasleak etxean irakurtzeko ohitura hartzea, norbere erritmoa errespetatuz eta ikasleari aukera eskainiz nahi duen liburua irakurtzeko. Modu honetara, ikaslearen motibazioa lortuko genuke. Era berean, etxean irakurriaz familien parte-hartzea sustatzen da, familia irakurzaletasuna bultzatzeko gakoetako bat baita.
Baina zertan datza irakurleen zuhaitza? Ikasgelan, zuhaitz bat margotzen da gelako paretan (adarrak soilik). Adar bakoitzean, ikasgelako haur bakoitzaren izena jartzen da. Ikasleak liburu bat irakurtzen duen bakoitzean hosto bat ematen zaio. Hosto horretan irakurri duen liburuaren izenburua idatzi behar du eta ondoren, bere adarrean itsatsi. Ikasturte amaieran udaberrian bezala zuhaitzak hosto ugari izatea lortu nahi da. Prozesuan laguntzeko garrantzitsua da ikasleei aukera ematea ikasgelako eta eskolako liburutegitik liburuak hartzeko.