Etxaurren Ikastola, Aiara (Araba)
Aiarako 24 herritako ikasleei Okondoko Lehen Hezkuntzakoak batzen zaizkie Etxaurren Ikastolan. Eskola publiko honekAmara-Berri sistemarekin lan egiten du eta hortik dator Liburutegietako proiektua. Eskola txikia da eta baliabideak lortzea ez da erraza, hala ere, liburutegi xumea izanda ere, ikasleak liburuzain bihurtu dituzte. Hain zuzen, LH etapako ikasleak.
Alde batetik, LHko 1 eta 2. mailako ikasleek liburutegi sistema klasikoan trebatzen dira. Bi ikaslek, txandaka, liburutegiaren ardura hartzen dute eta maileguak kudeatzen dituzte. Liburuei buruzko fitxak ere egiten dituzte. Bestetik, LHko beste lau ikasmailetako ikasleek Mediateka kudeatzen dute. Funts guztiak digitalizatuta dituzte eta barra-kode sistemaren bitartez egiten dira maileguak. Kontsultarako espazioa ere bada Mediateka; izan ere, Amara-Berri sisteman ez dute libururik erabiltzen eta lanak egiterakoan espazio hau ezinbestekoa da. Mediatekan irakasle-gidari bat ere badago.