Hemeroteka


Elkarbanatu
2025-01-23

Zabaltzear daude Bikotekaren ateak

BIKOTEKA, liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerrari ekingo diogu urtarrilaren 27ean, astelehenean, eta hilaren 31ra arte egingo dugu. Aurten Iruñean izango da, baina Ziudadelako Armen Aretoan. Gidariak Maite Mutuberria ilustratzailea eta Iñigo Astiz idazlea izango dira; albiste hau ilustratzeko erabili dugun kartela Mutuberriak egin du. Hizlari gonbidatuak Teresa Benéitez A fin de Cuentos argitaletxeko editorea eta Xabi eta Eneko Salaberria 1545ekoak izango dira. Tailerrak lau egun eta erdiz (37 ordu) iraungo du eta helburua idazleak eta ilustratzaileak, bikotuta, album bat sortzea da (albuma edo albuma izango dena).

Zortzi bikote osatu ditugu, zenbaitek bikotean eman dute izena eta beste hainbatek bakarrik eman dutelako gidariek bikotu dituzte. Aste intentsoa biziko dute parte-hartzaileek. Sormen-ariketa ugari egingo dituzte, albumez osatutako liburutegitxoa eskura izango dute eta euskal haur eta gazte liburuaren ekosisteman lanean ari diren editoreen bisita izango dute. 

BIKOTEKA euskarazko albumaren sormena sustatzeko eta xaxatzeko sortu genuen, eta helburu hori betetzen ari da. Nafarroan antolatzen den Etxepare sariko irabazle ugarik BIKOTEKAn sortu dituzte albumak, eta, nolanahi den, sortzaileak harremanetan jartzeko plaza bihurtu da, ezezagun zirenak elkar ezagutu eta elkarrekin lan egiteko espazioa, jakintza transmititzeko gunea eta sormenari lekua egiteko topalekua.