UNEDen eta Galtzagorriren arteko kolaborazioari esker, Yolanda Arrieta idazleak eta Juan Carlos Alonso psikologoak ikastaro bana egingo dute UNEDen, urrian, haur eta gazte literatura ardatz hartuta; bi ikastaroak osagarriak dira eta gure aldetik biak egiteko gomendioa egiten dizuegu.
Arrietak «Heziketa literarioan hezten» izenburua jarri dio bi egunez egingo duen ikastaroari. Irakurzaletasuna sustatzeko eta heziketa literarioan trebatzeko formazioa egingo du; alor ezberdinak landuko ditugu, hala nola baliabideak, ahozkotasuna eta irakurzaletasuna sustatzeko aholkularitza. Ikastaroa bertatik bertara edo online egin daiteke eta urriaren 8an eta 29an izango da (16:30-19:30) UNEDek Gasteizen duen egoitzan. Formazioa doan da eta izena eman daiteke jada.
Juan Carlos Alonso psikologoak «Emozio hizkuntza eta haur literatura» goiburupean, haur literaturaren ahalmen psikologikoan eta afektiboan sakonduko du. Haur literaturaren garrantzia hezkuntza afektiboan eta emozionalean azpimarratu eta emozioak (autoestimua, maitasuna, adiskidetasuna, jeloskortasuna, tristura, beldurra, bakardadea) kudeatzeko aukera ematen duela azalduko du. Formazioa urriaren 15ean eta 22an (16:30-19:30) eskainiko du UNEDeko egoitzan, Gasteizen. Izen-ematea zabalik dago eta online parte hartzeko aukera dago.