Hemeroteka


Elkarbanatu
2025-11-06

Tapakien gainean, irakurketaren tapakia josten

Hernanin izan gara, liburuen hariarekin esperientziak, bizipenak eta istorioak josten.

Itzelezko maratoia egin dugu, zazpi saio egin ditugu hiru egunetan. Oraingoan, lurrean eseri garen arren, alfonbra goxoen gainean egin dugu. Nabari da jada ez garela haurrak, 13-14 urtetik aurrera bizkarreko minak hasten direla ziurtatu dezakegu. Baina, hala ere, lurra aukeratu dugu, horrela elkarrengandik hurbilago (literalki eta metaforikoki) ginelakoan.

150 gazte, 150 ahots, 150 bizipen ezberdin.

Izan dira haurtzaroa atzean uzti direnetik gustuko libururik topatu ez dutela aitortu dutenak. Azterketarako irakurri beharreko liburua azken egunerako utzi dutenak. Liburua baino, filma nahiago dutenak. Gauez irakurtzea nahiago dutenak. Gauez irakurtzea gorroto dutenak. Perkusioa, alboka edo klarinetea jotzerakoan partiturak irakurtzen dituztenean ere irakurtzen dutela ulertu dutenak. Irudirik gabeko liburuak nahiago dituztenak. Helduentzako irudiekin bakarrik egindako liburuak ere badaudela deskubritu dutenak. Liburua azpimarratzea eta markatzea gustuko dutenak. Saga gogokoena behin baino gehiagotan irakurri dutenak. Beren begiekin irakurtzea baino isorioak besteen ahotsetatik entzutea nahiago dutenak.

Tapaki ederra osatzen ari gara batzuen eta besteen ahotsak, galderak eta kontakizunak josiz. Eskerrik asko!