Hemeroteka

2024-04-08

Sydney Smith ilustratzaileak eta Heinz Janisch idazleak irabazi dute Andersen Saria

Sydney Smith ilustratzaile kanadarrak eta Heinz Janisch idazle austriarrak irabazi dute aurtengo Hans Christian Andersen saria. Gaur ateak ireki ditu Boloniako Azokak eta han egin du iragarpena IBBYk. Andersen sariez gain, irakurzaletasuna sustatzeko Asahi saria jakinarazi dute; hain justu, Frantziako ATD Fourth World erakundeak irabazi du ATD Fourth World’s Street Libraries proiektuagatik. Halaber, irakurzaletasuna sustatzen nabarmendu dena saritzen duen IBBY-iRead-en irabazleak eman dituzte jakitera: Basarat Kazim (Pakistan) eta Irene Vasco (Kolonbia).

IBBYk ilustratzaileen Andersen sarietarako osatutako zerrenda laburrean sartu diren sortzaileen lanak —hamar dira eta bertan Elena Odriozolaren lanak daude— Haur Liburuaren nazioarteko erakundeak Boloniako Azokan jarri duen standean ikusgai daude. Horrez gain, sarietako epaimahaiak gomendatutako lanak ere ikusi ahalko dira.

Boloniako Azoka 

Haur eta gazte literaturari emandako azoka garrantzitsuena ireki dute gaur, eta euskal sortzaileen zein argitaletxeen presentzia egongo da. Etxepare Institutuak babestuta joan dira euskal haur eta gazte literaturaren eremuan lanean ari diren hainbat sortzaile eta eragile. Hona Institutuak emandako informazio osoa.

Azoka gaur hasi eta apirilaren 11ra arte zabalik egongo da.