Hemeroteka

2023-11-08

Prest dugu Ipuin Kontalarien IX. Maratoiaren egitaraua

Azaroaren 25ean izango da, Donostiako Liburutegi Nagusiko Sotoan, San Jeronimo kalean. Galtzagorri elkarteak Ipuin Kontalarien Maratoiaren bederatzigarren ekitaldia antolatu du Haur Liburutegi Nagusiarekin elkarlanean. Aurtengoan ere, egitarauak haurrak, gazteak eta helduak erakarri nahi ditu.

Hona prestatu dugun egitaraua:

• 11:00etan. Kili-kiliak belarri atzean. Odei Arregi. 2-4 urte.

“Ipuinek kili-kili egingo digute goxo eta bihurri. Hitzez zipriztinduriko mundu txikiak eta aurkikuntza handiak oparituz”.

• 12:00etan Arpa magikoa. Ane Artetxe, Amaia Irazabal eta Amaia Ruiz de Galarreta. 4-8 urte.

“Ba omen da urruneko mendien artean lurralde ezkutu bat: “Arpa Magikoaren lurralde ezkutua”. Bertan, altxor preziatu bat dagoela jakin dute Mailukote eta Maratil bidaiariek. Horregatik, mapa eskuan hartu, eta han abiatu da bikote xelebrea altxorraren bila. Haien abilezia eta abenturarako grinak altxorra deskubritu eta liburu magikoaren barrenak ezagutzera eramango ditu”.

• 17:00etan. Ekilibristak, sorgin-orratzak eta matxinsaltoak. Mireia delgado Exposito. 8-14 urte.

“Ganbarak altxor kutxa handiak dira, trastez beteak daude eta traste guzti horiek istorioak dituzte barruan. Nire amonaren etxeko ganbaran maleta handi bat zegoen. Amonak ez zabaltzeko esan zidan eta, irekitzen saiatu nintzen arren, giltza behar nuela ikusi nuen…”

• 18:00etan. Magma Mia. Beatriz Egizabal. 15 urtetik aurrera.

“Haserre nago, sutan nago, irakiten nago... presio gehiegi eta zulo guztiak itxita mantentzeko hezitu naute. Sumendia lehertzear dago Magma mia!!! Bakarrizketa feminista; militantziatik asko, baina umoretik are gehiago duen ikuskizunak ikusle potentzial desberdinetan gogoeta eta barreak eragitea du helburu”. Lau saioak doan dira, jarleku guztiak bete arte.

Izena emateko, idatzi helbide honetara, edo bete erreserba inprimakia.

Animatu, eta parte hartu!