Hemeroteka

2026-09-09

Oihana Egañak hartu dio lekukoa Joseviskyri Ilustratzaileen Txokoan

Aieteko kultur etxeko Ilustratzaileen Txokoa leku berezia eta estimatua da. Urtean, txandaka, lau artisten lanak biltzen dituen instalazioa da. Irailaren 9tik abenduaren 9ra Oihana Egañaren lanak daude bertan ikusgai.

 

Oihana Egaña Donostian jaio zen 1973an. Magisteritza eta Euskal Filologia ikasitakoa da. Ilustrazioa maite du txikitatik eta hainbat kartel eta liburuen azal diseinatu ditu. Ilustrazioaren munduan gehienbat autodidakta den arren, prestakuntza tailerretan parte hartu du, hala nola, Galtzagorri elkarteak antolatzen dituen MarraziOak (2022ko edizioa) eta BikoTekan (2023ko edizioa).

Azken horretan jaio zen, hain zuzen ere, bere lehenengo albuma: “Eta orain?” (Sheila Salamanca eta Oihana Egaña; Denonartean, 2024). 2026an beste lan bat argitaratu du Yolanda Arrieta idazlearekin elkarlanean “Asun Balzola Elorza: Koloreekin pentsatzen zuen neskatoa” (Yolanda Arrieta eta Oihana Egaña; Denonartean, 2026).

Galtzagorriren xedeetako bat da haur eta gazte literaturan diharduten ilustratzaileen lana zabaltzea. Horregatik 2012. urtean Donostiako Aiete Kultur Etxearekin elkarlanean Ilustratzailearen Txokoa proiektua sortu genuen.

Ordutik, hiru hilero ilustratzaile baten lana aurkezten dugu kultur etxean. Txoko hauetan ez dira bakarrik ilustratzaileek liburuetarako egindako ilustrazioak erakusten; ilustratutako liburuak, objektuak, eskulturak, zirriborroak eta dena delako sormen lanak ikus daitezke txokoan. Izan ere, Ilustratzaileen Txokoak ez du erakusketa soila izateko bokaziorik. Ilustratzaileen lana jendartean ikusarazi eta profesional horien lan egiteko moduak, inspirazio iturriak eta sortzen dituzten formatu anitzak erakusgai jarri nahi ditugu egitasmo honen bitartez.