Litearatura generoen blokean gaude Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroan. Miren Agur Meabe eta Eider Perez idazleak nork bere esperientziatik narratibaz aritu ziren.
Meabek gurpilaren analogia erabili zuen bere hitzaldian; hain zuzen, obra bera (gurpila), eusten dioten erradioak eta ardatza bereizi zituen, eta banan-banan azaldu. Lehenbizi, substantziak edo aleazioak hartu zituen hizpide: poesia, etenak eta erreferentziak; hiruak ezinbestekoak dira bere obran —idatzi duen gazte literatura adibide gisa erabili zuen—. Poesiaren esanahi etimologikoari jarraituz, asmatzea, fabrikatzea eta ekitea aipatu zituen; prosa idazteko ere erabiltzen du kokapena, erliebea, irudia edo hitz zehatza bilatzen duenean. Etena «garaiz isiltzea» dela esan zuen. Eta erreferentziak, bere «sukar kulturalistari» lotutakoak, gogoko dituela adierazi zuen; metaliteraturak irakasle aktiboak —bitartekariak— behar dituela gehitu zuen. Irakasleaz aritu zen ardatzari heldu zionean, ardatza hezkuntza dela esan, eta irakasleak literatur zalea izan behar duela, testu onak eman behar dituela eta gazteak ezagutu behar dituela erantsi zuen. Obrari eusten dioten erradioak dira NOR, ZER, NON, NOIZ, NOLA, ZERTARAKO eta galdera horietan kabitzen den guztia.
Eider Perezek Errenteriako Herri Arte Eskolan Hitza Eskolan lan egiten du, eta hitza barnebiltzen duen edozein adierazpide lantzen du haurrekin eta helduekin. Liburuaren ideia kanonikoa presente egonda ere, apurtu ere egiten du, eta ikasleekin egiten dituen hamahiru ariketa oparitu zizkien ikastaroan ari diren ikasleei. Perezen jardunaren oinarrian kulturzaletzea, gaitasunetan trebatzea eta espazio bat ematea daude. Ardatzak sormen kolektiboa, indibiduala, hizkuntza gaitasuna eta jakintza literarioa lantzea dira. Gidatzen duen eskolaren filosofiaren oinarriak malgutasuna, pedagogia sexia eta sormen lanaren kultura hauspotzea dira.
Atzoko saioa ere oso aberasgarria izan zen. Milesker biei.