Hemeroteka


Elkarbanatu
2023-10-30

Mutuberriaren, Meaberen eta Arrularen lan bana sartu dute IBBYren 2024ko Ohorezko Zerrendan

Maite Mutuberriaren Irrimola (Ikaselkar, 2021), Miren Agur Meaberen Itsasoaren atea (Elkar, 2021) eta Garazi Arrulak itzulitako Hona gu hemen: Lur planetan bizitzeko oharrak (Txalaparta, 2021) lanak sartu dituzte IBBYren 2024ko Ohorezko Zerrendan. Zerrenda bi urtean behin osatzen du IBBY haur eta gazte liburuaren nazioarteko erakundeak, eta bertan sartzen diren obrak tokian tokiko erakundeek aholkatuta iristen dira. Hala, Galtzagorri elkarteak euskal sortzaileak proposatzen dizkio OEPLI Espainiako erakundeari eta hark IBBYri. Hain justu, hiru modalitate daude: ilustrazioa, idazletza eta itzulpena. Helburua, azken batean, haurrei eta gazteei zuzendutako liburuen sustapena da, baita haien itzulpenena ere. Izan ere, 2024ko Ohorezko Zerrenda IBBYren hurrengo kongresuan —Triesten, Italian, 2024an egingo dute— aurkeztuko da katalogo eta erakusketa formatuetan. Aldi berean, zerrendan sartutako liburuak nazioartean egiten diren beste zenbait erakusketatan izango dira. Halaber, Municheko Gazte Liburutegian, Zuricheko Haur eta Gazte Komunikabideen Institutu Suitzarrean, Bratislavako Bibiana Ikerketa Bilduman, Tokioko JBBYn eta Ipar-mendebaldeko Unibertsitatean, Evanstonen, Illinoisen jarriko dituzte IBBYko zerrendako liburuen erakusketa iraunkorrak.

OEPLIk guztira bederatzi titulu eraman ditu zerrendara. Ilustrazioaren modalitatean Mutuberriarena da 2024ko Ohorezko Zerrendan egongo den bakarra.