Hemeroteka

2026-04-28

MARRAZIOAKen izena emateko azken astea da

Ekainean egingo dugun MARRAZIOAK tailerraren 18. ekitaldian parte hartu nahi baduzu izena emateko azken egunak dituzu!

MARRAZIOAK Galtzagorri elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren babesarekin antolatzen duen tailerra da, ilustratzaileei zuzendutakoa. Trebakuntzarako espazioa da, batetik, eta, bestetik, ilustratzaileek bakarka egin ohi duten jarduna beste kideekin konpartitzeko aukera paregabea.

Bere hemezortzigarren edizioan, berrikuntzekin dator: Uxue Alberdi eta Ainara Azpiazu “Axpi”k gidatuko dute lehen aldiz tailerra. Tarota hartuko dute formakuntzarako abiapuntu. Kartetan agertzen diren egoerak eta pertsonaiak istorio berriak sortzeko aitzaki bihurtuko zaizkie.

Donostiako Undermount elkartean egingo dugu aurten ere, Igeldon, ekainaren 8tik 12ra. Izena emateko azken eguna maiatzaren 4a da. Aukeratuak diren 10 ilustratzaileek formazioa doan jasoko dute.

Hemen informazio zabalagoa.

Animatu, eta parte hartu!