Istorio bat ez da inoiz istorio bera. Eta Marrazioak ere ez da inoiz tailer bera. Urtero aldatzen da. Aurten karta-jolasek eman diete abiapuntua tailerrean parte hartzen ari diren hamar ilustratzaileren proiektuei. Arratsaldeak eskaini dizkiote norberaren proiektuaren inguruko erabakiak hartzeari. Txandaka igaro dira Ainara Azpiazuren eta Uxue Alberdiren tutoretza-txokotik. Irakasleek diote, denen proiektuek hartu dutela forma, badutela norabidea. Orain bidea egin behar tailerra bukatzeko falta diren egunetan. Baita handik aurrera ere.
Irakasleek goizetan eginarazi dizkieten ariketak eta eman dizkieten liburuen ilustrazio eta gidoigintzari buruzko azalpenak izan dituzte iparrorratz. Sormena esnatzeko, honelako ariketak eginarazi dizkiete, erlojuaren kontra: 30 segundo oro ilustrazio bat egin, 30eko bilduma osatu arte. Azalpenetan ere esku-zabal jokatzen ari da Alberdi eta Azpiazu sortzaile-bikotea: besteak beste, albumetan testuaren eta ilustrazioaren arteko konposaketaren inguruan aritu zaizkie, aholkuak eman eta pantailan adibideak erakusten aldi berean.
Istorioak artearen begiradapean aldatzen direla erakutsi nahi diete bertan bildutako sortzaileei. Norberak kontatu nahi dituen istorioaren hegoak aurkitzera animatu dituzte. Finean, Marrazioak ez da iazko bera, baina hemezortzigarren aldiz bihurtu du sormenaren espazio eta sortzaileen topaleku Undermount gunea. Egitasmoa, beste behin ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Departamentuaren babesari esker antolatu du Galtzagorri elkarteak.