Aurtengo Marrazioak amaitu da. Parte hartu duten hamar ilustratzaileek sortzen hasi diren obra ilustratuaren mamia aurkeztu dute taldean. Storyboard formatuan jasoa gehien-gehienetan. 1545 argitaletxeko Xabi Salaberria izan dute gonbidatu eta entzule. Infinitua, desioak, bideak, ispiluak, zain gauden bitartean egin daitezkeen horiek, bahiketak, trenak, haserreak… agertu dira tarota abiapuntu zuen tailerraren emaitza diren lanetan. Horrelakoa da sormena: tarotaren energia mintzagai duen album bakarra jaio da tarotaren Marrazioak-en. Arkanoak oinarri, galdera sorta eraiki du egileak eta galdera bakoitzari erantzuna eman. Bere arkano propioak eraiki eta ilustratu ere bai.
Txalo zaparrada entzun da lan bakoitzaren aurkezpenaren ostean. Parte-hartzaileak oso eskertuta agertu zaizkie Ainara Azpiazu eta Uxue Alberdiri, egun hauetan “coach” lana egin dien ilustratzaile eta idazle bikoteari. Denok behar dugu konfiantza emango digun norbait, taldean errazago lortzen da sorkuntza prozesuaren korapiloak askatzea. Istorio ilustratu hauen jaiotza taldeko lanari zor zaio hein handi batean. “Magia egin duzue” aitortu diete parte-hartzaileek gidariei. “Axpi”ren kronometroak botere handia omen du.
Tailerraren hondarrean magia hori errealitatera ekartzen aritu dira ilustratzaileak editorearekin solasean. Zer argitaratu daitekeen, zein formatuk duen produkzio kostu handiena, salmentaren ezaugarriak, banaketaren gorabeherak eta egile-eskubideen kudeaketa. Agurtzeko momentuan, pena aurpegiak ikusi ditugu. Marrazioak tailerrean ilustratu, kontakizunak zirriborratu eta asko ikasteaz gain, sortzaileen arteko harreman istorioak ere sortzen baitira. Akaso horiek dira inportanteenak. Datorren urtean, gehiago.