Hemeroteka


Elkarbanatu
2025-10-22

"Literatura esperientziak gazteekin" formakuntzarako izen-ematea zabalik

Galtzagorri elkartearen Irakurketa mintegiaren baitan urtero, udazkenean, prestakuntza saio bat eskaintzen dugu. Aurtengo zita azaroaren 22an izango da eta gaia Gazte-literatura izango da.  Bitartekari ezberdinek gazteekin bizi izan dituzten literatura esperientzietatik abiatuko gara. "Literatura esperientziak gazteekin. Sormena, heziketa literarioa, gustu estetikoa eta pentsamendu kritikoa" prestakuntza saioan bizipen horiek partekatuko dituzte hizlariek entzuleekin, denen artean gazteekin landu daitezkeen eta ondo funtzionatu dezaketen praktikak antzemateko xedez.

Hala, bi zatitan banatuta egongo da aurtengo prestakuntza-saioa:  alde batetik, Miren Billelabeitia gazte-bitartekaritzako aditua gonbidatu dugu gazteak irakurketaren praktikara bultzatzeko bere esperientzia azaldu dezan. Bestetik, gazte literaturako irakurketa eta idazketa talde desberdinen gidarien esperientziak eta bizipenak partekatuko ditugu mahai-inguru batean. Nerea Loiola, Peru Magdalena eta Eider Perez gidatuko ditu Olatz Mitxelenak mahai horren bueltan. 

Ikastaroak lau ordu iraungo ditu, 10:00etatik 14:00etara eta Donostiako San Telmon egingo da. 

 

Bitartekari ororentzat

Irakurketa Mintegian ari diren irakurleez gain, saioa haurren eta gazteen heziketa literarioa lantzen duten eta irakurzaletasuna sustatzeko interesa duen edozein bitartekariri zuzenduta dago: irakasleak, bibliotekariak, kultur teknikariak, editoreak eta irakurketa proiektuetan parte hartzen duten begiraleak edo animatzaileak, besteren artean.

Izena emateko inprimaki hau bete behar da eta diru-sarrera egin. Mintegiko kideentzat doan da, elkarteko bazkideek 35 euro eta bazkide ez direnek 50 euro ordaindu beharko dituzte. Gehienez 50 ikaslek parte hartu ahal izango dute eta onarpena izen-emate ordenaren araberakoa izango da.

Hemen deialdia informazio gehiagorekin.

Animatu!