Hemeroteka

2026-04-17

Literatur bitartekaritza Bigarren Hezkuntzan

Haur eta gazte literatura: bitartekaritzaren estrategiak eta praktikak ikastaroa aurrera doa, eta bitartekaritzaren espazioen azken saioa egin berri dugu. Oraingoan, eskolan sartu ginen; hain zuzen, institutu batean. Idoia Alustiza eta David Bilbao izan ziren hizlariak; biak Oianguren Institutuko irakasleak, Bigarren Hezkuntzakoak; biek Gaztelaniaz irakasgaia ematen dute, Literatura Unibertsala ere bai. Hiru orduko saioan, irakurketa gidatuaren praktika bat egin genuen; Utzi kontatzen, Laurie Halse Andersonek 1990an argitaratutako eleberriaren txatalak landu genituen; EIZIEk sortutako Minaberri bekari esker, Ainhoa Mendiluze Ormaetxeak ederki itzulitako obra (Txalaparta, 2025). Ikasgelan egiten duten praktika erreproduzitu zuten irakasleek, eta, bide batez, jakintza eta gako ugari eskaini zizkiguten. Bigarren zatian LOMLOE legeak dioena azaldu zuten, eta bitxia izan zen legeak berak ezartzen duen nondik norakoa ezagutzea; batik bat, bitartekaritzaren oinarriak argi eta garbi adierazten dituelako. Saio gogoangarria izan zen; hainbesteraino, ezen orduak falta izan zitzaizkigun.