Urte amaierarekin batera iritsi da Liburu hari boom lehiaketaren itxiera eta jada baditugu irabazleen izenak. Epaimahaikideek, jasotako 87 lanak aztertu eta baloratu ondoren, sei lan finalistak hautatu eta irabazleak zeintzuk izango diren iragarri dute.
Izei Gallastegi, 14 urteko gazte elorriotarra, izan da lehen sarirako hautatua. Izeik “Mintxo” (Miguel Berzosa; Harriet, 2018) komikiaren iruzkina egin du, animaziozko bideo formatuan.
Epaimahaiaren hitzetan, “sormen-lan itzela egin du Izeik liburu-gomendio honetan: ilustrazioa, digitalizazioa, irudien animazioa, soinu hautaketa eta edizioa… Benetan txalotzekoa da hainbeste diziplina lan bakarrean hain txukun jostea. Emaitza bikaina da. Hasiera eta amaiera oso ondo borobiltzen ditu, off-ahotsa ere neurria sartzen du, tonu bizi eta freskoan. Pertsonaiaren ezaugarri nagusiak ondo deskribatzen ditu irudiekin lagunduta eta ederki kokatzen ditu bere gora-beheren lekuak ere, komiki-liburu honetan aurki dezakegunaren zertzelada nagusiak emanez”.
Epaimahaiaren bigarren saria Mara Aranburuk, 14 urteko gazte tolosarrak, jaso du. “Mendiko errege-erreginak” (Daniel Hernández; Itzul.: Juan Luis Zabala; Giltza, 2024) liburuaren iruzkin eta gomendioa egin du audio formatuan.
Epaimahaiaren hitzetan, “naturaltasun handiz eta txispa berezi batekin entzuten da Mararen ahotsa audio-gomendio honetan. Oso ondo laburbiltzen du liburuko kontakizunaren haria, istorioaren punturik garrantzitsuenak eta erakargarrienak aipatuz, baita literatur-generoa aipatuz ere. Titulua eta egile guztiak amaieran aipatzea ere egoki dator, entzundakoak entzunda zein libururi buruz ari den jakiteko gogoa pizten baitu. Itzultzailearen lan ona ere nabarmentzeaz gain, liburuak jaso duen saria ere aipatzen du, horrekin berriro ere balioan jarriz kalitate literarioa. Audio edizio lan txukuna egin du, detaile guztiak zainduz eta atzean entzun daitekeen musikaren bolumenarekin jokatuz”.
Azkenik, Lur Irasuegi Elorriotarrak (13 urte) irabazi du Sortzaile Gaztea Saria, “Sua” (Alex Tello eta Julen Rivas; Su ta gar, 2021) komikiaren bideo-gomendioarekin.
Hauek dira epaimahaiaren hitzak: “booktube honek harrituta utzi gaitu. Booktube baten ezaugarri guztiak ditu, baina booktuberra, Lur, bere logelatik kanpo ere ikusten dugu kalean, autobusean… liburuak eragin dion engantxadari ezin eutsirik leku guztietan irakurtzen. “Sua” komiki-liburua gomendatzen digu eta Su Ta Gar taldearen inguruko istorioa denez, atzean euren musika entzun daiteke. Ikus-entzuleoi oso ondo zuzentzen zaigu eta bere euskalkian ari da. Hori ere asko gustatu zaigu. Sormen handiko lan original eta bizia da, izugarri gustatu zaigu booktube formatu hibrido edo berri hau”.
Hiru lanak ikusgai daude HEMEN.
Horiez gain, honako hauek dira izan dira saririk irabazi ez duten arren, finalera iritsi diren gazteak:
2025eko edizioko epaimahaia osatu duten bi kideak: