Hemeroteka


Elkarbanatu
2025-10-07

Liburu hari boom egitasmoaren aurrez aurreko saioen tourra hastera doa

Urriarekin batera iritsiko dira Liburu hari boom egitasmoaren barruan EAEko zenbait liburutegitan egingo ditugun aurrez aurreko saioak.

Galtzagorri elkartetik, Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren laguntzaz, EAEko herri eta auzo ezberdinetako liburutegietan saioak antolatu ditugu 12-18 urte bitarteko gazteentzat.

Inguruko ikastetxeetako gazteak gerturatuko dira liburutegietara eta ordu eta erdiko iraupena izango duten saio literarioak eskainiko dizkiegu.

Saio horietan liburuak aurkeztu, ezagutu eta zukutuko ditugu. Horretarako, Galtzagorri elkarteko adituek hautatutako liburuak fisikoki eramango ditugu. Ohiko ibilbide literarioetatik kanpo dauden liburuak aurkeztuko ditugu, fikzio berriak zein klasikoak, ez-fikzioa eta albumak, gazteen gustuak kontuan izanda, baina aniztasunaren printzipioari jarraituz betiere.

Gazteei bide berriak zabaldu nahi dizkiegu, gehiagoren gose diren horiek asetu eta irakurketatik urrun sentitzen diren horiei bideak zabaldu. Konfiantzazko espazioak sortuko ditugu irakurketen inguruko elkarrizketa, partekatzea eta eztabaida zintzoa ahalbidetuz.

Aurten, Iurretan izango dugu tourraren lehenengo geldialdia, urriaren 7an. Baina ez da hori izango bakarra. Beasaingo, Hernaniko eta Abusuko liburutegietan ere izango gara, besteak beste.

Laster informazio gehiago.