Hemeroteka


Elkarbanatu
2020-04-06

Liburu-gomendio bat egunero

Asteari hasiera emateko komiki bat!

Santa familia. Gidoilaria: Eider Rodriguez. Marrazkilaria: Julen Ribas. Argitaletxea: Ikastolen Elkartea, 2017.

Komiki honek 2018. urtean haur eta gazte literatura saileko Euskadi Saria jaso zuen eta Xabiroi aldizkarian atalka irakurri genuen. Ondoren, urtean behin Ikastolen Elkarteak egiten duen argitalpenean liburu osoa plazaratu zuten.

Julen Ribas marrazkilari zoragarriaren eskuetan agertzen zaizkigu hiru protagonista nagusiak: Sorkunde eta Teodoro senar-emazteak eta euren alaba, Nora. Zalantzaz beteta bizi den nerabea dugu bera, ez daki zein den bere bidea, hain zuzen bizitzaren iparra non dagoen bilatuko duen gaztea da Nora. Horrela, bada, hain babestua eta hainbeste maitatua, familia itogarri horretatik alde egiteko beharra sentitzen du eta kilometro mordoa eta ozeanoa tartean jarri eta ospa, badoa familian ikasitakoa desikasten…”Formazioa deformazioa delako”, diosku Eider Rodriguezek.

Irakurle gazteentzat aproposa edo klase ertaineko familia batentzat egokia, ironia finez egileak izendatzen gaituen moduan. Nahi duzu jakin ze bilakaera izango duen familia honek? Norarekin batera, bizi ezazu, bada, abentura eta jakin-mina!