Hemeroteka


Elkarbanatu
2023-10-30

Liburu Gaztea lehiaketako booktrailer lantegietan izan dira irakasleak

Urriaren 19an, Tabakaleran, eta 26an, Basurtoko Udaltegian, bildu ziren Liburu Gaztea booktrailer lehiaketara aurkeztu diren hainbat ikastetxeetako irakasleak. Probintzia bakoitzeko irakasleek, goiz batez, lau orduko ikastaro teoriko-praktikoa jaso zuten.

Urtero, booktrailer lehiaketari lotuta antolatzen da halako lantegi bat irakasleentzat. Ikasleekin liburuak irakurri, landu eta trailerrak prestatzeko gidoiak idazten hasi aurretik, lagungarria izan ohi da trailerren inguruan hitz egitea, zinemaren oinarriak ezagutzea, grabaketa aholkuak jasotzea edota bideo edizioan trebatzea. Halaxe diote behintzat lehiaketaren edizio ezberdinetan lantegi hauetara gerturatu izan diren irakasleek. 

Zinemaren eta trailerren munduan murgiltzeaz gain, helburu ezberdinak izan zituen lantegiak. Alde batetik, editorial ezberdinen zenbait booktrailer ikusi eta aztertu zituzten, baita aurreko edizioetako ikasleenak ere. Horietatik abiatuta, bidelagun lana egiteko aholku eta trikimailu ezberdinak jaso zituzten bertaratutakoek. Azken pausoa edizioan trebatzea izan zen.

Orain, ikasitakoa ikasleei helarazi eta praktikara eramatea besterik ez zaie geratzen. Desiatzen gaude aurtengo parte hartzaileen lanak jasotzen hasteko! Martxoan ikusiko ditugu emaitzak!