Hemeroteka

2022-10-18

Liburu Gaztea lehiaketako booktrailer lantegietan izan dira irakasleak

Urriaren 14an, Tabakaleran, eta 17an, Basurto Udaltegian, bildu ziren Liburu Gaztea Book Trailer lehiaketara aurkeztu diren hainbat ikastetxeetako irakasleak. Probintzia bakoitzeko irakasleek, goiz batez, lau orduko ikastaro teoriko-praktikoa jaso zuten.

Urtero, Book Trailer lehiaketari lotuta antolatzen da halako lantegi bat irakasleentzat. Ikasleekin liburuak irakurri, landu eta trailerrak prestatzeko gidoiak idazten hasi aurretik, lagungarria izan ohi da trailerren inguruan hitz egitea, zinemaren oinarriak ezagutzea, grabaketa aholkuak jasotzea edota bideo edizioan trebatzea. Halaxe diote behintzat lehiaketaren edizio ezberdinetan lantegi hauetara gerturatu izan diren irakasleek. Aurtengo berrikuntza nagusia? Bizkaiko 21 ikastetxetako irakasleak eta gazteak lehenengoz murgilduko direla Gipuzkoan jada 11 edizio dituen egitasmo honetan. 

Zinemaren eta trailerren munduan murgiltzeaz gain, helburu ezberdinak izan ditu lantegiak. Alde batetik, editorial ezberdinen zenbait booktrailer ikusi eta aztertu dituzte, baita aurreko edizioetako ikasleenak ere. Horietatik abiatuta, bidelagun lana egiteko aholku eta trikimailu ezberdinak jaso dituzte bertaratutakoek. Azken pausoa edizioan trebatzea izan da. Horretarako, argitaratu berri den Katixa Agirreren "Berriz zentauro" liburuaren sinopsia abiapuntu bezala harturik, ideia zaparrada egin, software libreko irudiak, soinu efektuak edota musika nola eskuratu ikasi eta edizio lanari ekin diote. Lan hori burutzeko, Openshot erabilera libreko edizio programa zabaldu dute ordenagailuetan eta trailer baten oinarria izan zitekeen pieza eraiki dute fotograma eta efektu ezberdinak erabiliaz. Bestalde, aurreko ikasturteetako parte hartzaileen iradokizunei helduz, mugikorreko edizio programetan sakontzeari ere ekin diogu aurtengo saioetan.

Orain, ikasitakoa ikasleei helarazi eta praktikara eramatea besterik ez zaie geratzen. Desiatzen gaude aurtengo parte hartzaileen lanak jasotzen hasteko! Martxoan ikusiko ditugu emaitzak!