Hemeroteka

2022-05-20

Liburu Gaztea 2021-2022 Book Trailer Lehiaketaren sari banaketa ekitaldi jendetsua Tabakaleran!

Liburu Gaztea booktrailer sariketa eguna ospatu da! Gaur, maiatzaren 20an, goizeko 11:00etan, Donostiako Tabakalerako Kutxa Kultur Plaza aretoan bildu gara Kutxa fundazioaren #izanezberdin proiektuaren eskutik eta bertan burutu dugu 2021-2022 ikasturteko Liburu Gaztea Book Trailer Lehiaketako sari banaketa ekitaldia. Aurten ere, finalistak bertaratu dira ekitaldira eta gainerako ikastetxeek streaming bidez jarraitu ahal izan dute.

Hantxe izan dira Maite Gurrutxaga, Galtzagorri elkarteko zuzendaritza batzordeko kidea eta Garbiñe Mendizabal, hizkuntza berdintasuneko zuzendari nagusia , besteak beste. Horrez gain, ikasturte honetan lehiaketan epaimahai izan den Amaia Telleria Irakasle eta idazlea, eta irakurgai bat edo besteren editore den Unai Pascual, denonartean argitaletxeko editorea ere izan da ekitaldian.

Beatriz Egizabal antzezle eta umoregileak gidatu du ekitaldia eta Goya sarien pare jarri du sariketa, bertaratutakoak barrez leherraraziz. Lehenik, publikoaren sariak banatu dira, ikusleek boto bidez erabaki dituztenak: sari bana eman da kategoria bakoitzeko (Ikastetxeak eta Norbanakoak). Ikastetxeen kategorian, Donostiako Arantzazuko Ama BHI ikastetxeko Lauak taldeak irabazi du 39 botorekin Francesco D'Adamoren Iqbalen historia (Alai, 2003) liburuaren book trailerra eginez eta Garbiñe Mendizabal, hizkuntza berdintasunerako zuzendariak berak eman die saria. Eta Norbanakoenean, San Luis Lasalle iakstetxetik etorritako Crack taldeak 75 botorekin, Jasone Osororen Ezekiel (Elkar, 2014) liburuaren book trailerra eginaz. Kasu honetan, Maite Gurrutxaga Galtzagorri Elkarteko ordezkariak eta ilustratzaileak eman die saria.

Bigarrenik, sari nagusiak banatzeko unea iritsi da. Finalista guztien trailerrak ikusi ondoren, epaimahaiak honako hauek hautatu ditu garaile: DBH1-2 multzoan, PIZZA taldea izan da garaile, J.K. Igerabideren Arrastoa (Alai, 2020) liburuaren book trailerrarekin. Hortaz, Donostiako Herri Ametsa ikastetxeko ikasle taldearentzat izan da sari nagusietako bat. Epaimahaiaren iritzia: “Argumentuaren azalpena eta antzezpena bikainak dira. Oso ondo kokatu eta kontatua dago istorioa. Teknikoki ere oso zaindua dagoen booktrailerra da: Planoa ederrak, efektu bereziak, karakterizazioa, dena zaindu dute. Proiektu honekin gozatu dutela nabari da eta horrek ikuslea erakarri eta liburua irakurtzeko gogoa piztea lortzen du. Booktrailer bikaina da!” Saria Amaia Telleria, idazle eta Liburu Gaztea egitasmoko epaimahaiaren eskutik jaso dute.

Kategoria honetan, baina DBH3-4 multzoan, Ugandarrak taldearen lana izan da onena epaimahaiaren iritziz, Eloy Morenoren Ikusezin (Denonartean, 2020) liburuaren book trailerrarekin. Talde hau Donostiako Axular Lizeoa ikastetxeko ikasle taldeak osatzen du eta haientzat izan da sari nagusia. Epaimahaiaren iritziz: “Pieza borobila da. Lan gutxirengatik esan daiteke hori. Istorioan sartzen gara bete-betean, eleberriko gakoak emanez, baina misterioa argitu gabe. Hasierako segunduen tentsioari esker ikuslea engantxatzea lortzen dute eta ondoren, modu lasaiago batean, argumentua off ahots bikain batez azaltzen dute. Irakurtzeko gogoa pizten du zalantzarik gabe. Antzezpena oso ona da eta egitura originala eta polita. Hunkigarria da, benetan.” Saria Unai Pascual, Ikusezin liburuaren Denonartean argitaletxeko editoreak eman die.

Aurten, norbanakoen kategoriako sari nagusia hutsik geratu bada ere, sari eta aipamen berezi bat eman da ekitaldian. Izan ere, 10 edizio hauetan hutsik egin gabe lanean jardun duten ikastetxe, eta bereziki, irakasleria aipatzeko sariketa berezia abiatu da aurten. Horregatik, irakurketa zaletasuna sustatzerako garaian inplikazio nabarmena izan duen Jesuitinas ikastetxeko Idoia Altuna irakaslea saritu da. Galtzagorriko urtebeteko doako bazkidetza eskuratu du saritzat.

Eta puntu honetara iritxita, dagoeneko hurrengo ikasturtera begira jarri gara! Liburu Gazteako hurrengo urteko liburu hautatuen berri eman da ekitaldian. Honakoak dira 2022-23ra begira hautatutako liburuak: Bi abentura eta amodio bat (Miguel A. Mintegi, 2021), Hormak (Oihana Iguaran, 2021), Itsasoaren atea (Miren Agur Meabe, 2021) eta Gezurra (Care Santos, 2021). Era berean, aipamen berezia eskaini eta ezinbestekoen artean sartu dira ondorengoak: Barkuen hilerria (Francisco Castro, 2021), Orient Expresseko hilketa (Agatha Christie, 2021) eta Jarraitu inurriari (Unai Elorriaga eta Alex Orbe, 2021).

Beste behin ere giro aparta izan da ekitaldian. Mila esker gerturatu zareten guztioi, sariak banatzera etorri zaretenoi eta zorionak parte hartu duzuen ikastetxe, irakasle eta ikasleei! Lan bikaina egin duzue!

Streaming bidez eman den sari banaketa ekitaldia hemen ikusi dezakezue: