Hemeroteka


Elkarbanatu
2022-09-26

Liburu altxorren kutxa-ibiltariak eskola txikietara doaz

Ikasturte berriarekin Liburuen Altxorra eta Liburu Ibiltariak proiektuak martxan jarri ditugu eta Galtzagorri Elkarteak prestatutako liburu-kutxak Gipuzkoako 33 eta Bizkaiko 25 eskola txikietara eramango ditugu, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiei esker.

Kutxak eskoletara eraman eta aurkezpen-saioak egingo dituzte Galtzagorriko dinamizatzaileek; Imanol Mercerok Gipuzkoan eta Oihana Etxegibelek Bizkaian. Aste honetan hasiko da kutxen herriz herriko bidaia. Gipuzkoan Lizartza, Aia eta Aizarna izango dira kutxak eramango ditugun lehenengo udalerriak eta Bizkaian Zeanuri, Amoroto eta Mallabia.

Haurrei zuzendutako liburuez betetako kutxek ikasturte honetan egingo duten ibilbidearen hasiera baino ez da, ekaina bitartean kutxek bi lurraldeetako hainbat udalerritako eskola txikietara iritsiko dira. Proiektuaren xedea da euskarazko haur-literaturan ezinbestekotzat ditugun obrak eskoletara eramatea, hala argitalpen berrienak nola unibertsalak; ikasleek liburuak esku artean hartu eta irakurri, eta irakurtzean ongi pasa dezatela. Dinamizatzaileek bitartekariei eta haurrei liburuak aurkeztu eta haiekin egin ditzaketen jarduerak aurkezten dizkiete.