Leire Errandonea Garcia-Larratxeri eman diote EIZIEk, Iruņeko Udalarekin lankidetzan, antolatzen duen Minaberri beka. Mentoretza baten bitartez nazioarteko gazte-literaturako lan esanguratsu bat euskaratzea da bekaren xedea. Txalaparta argitaletxeak kaleratuko ditu bekaren bidez sortzen diren itzulpenak, eta CEDROren laguntza izango du mentoretzak. Errandoneak Marie-Aude Murail idazlearen Sauveur et fils liburua osorik euskaratuko du, eta Xabier Olarra itzultzaile eta editorea izango du mentore, itzulpen-prozesuan laguntzeko.
Epaimahaiaren iritziz, frantsesezko testuak zituen koskak egoki gainditu ditu itzultzaileak, ordain egokiak emanez euskaraz. Behar adinako fideltasunez aritu da, eta frantsesaren hainbat korapilo ederki askatu ditu. Testu ulergarria eta sinesgarria sortu du ama-alaben arteko ika-mikak islatzean. Testuak oso ongi funtzionatzen du euskaraz, lexiko zein sintaxi zuzen bezain biziarekin. Fernando Rey Escalerak, Amaia Orbe Barriok eta Xabier Olarra Lizasok osatu dute epaimahaia.
Informazio gehiago hemen.