Hemeroteka


Elkarbanatu
2022-06-13

Ledicia Costasek eta Víctor Jimeno Bellmontek irabazi dute Lazarillo Saria

OEPLIk, Haur eta Gazte Liburuaren Espainiako erakundeak ematen duen Lazarillo Sariak bi modalitate ditu. Alde batetik, "Literatur sorkuntza" eta, bestetik, "Album ilustratua". Biek Kultura eta Kirol Ministerioaren eta "Mc Donald´s-en babesa dute eta 6.000 euroko zuzkidura daukate.

Literatur sorkuntzari dagokionez, epaimahaia Luis Zendrera OEPLIko presidenteak, Isabel Molina, Agustí Lleyda, Pilar Sampedro eta Lore Agirrezabalek osatu dute, OEPLIko lau lurralde-sailen ordezkari gisa. Ana Cendán, OEPLIko idazkari teknikoa, idazkari gisa aritu da, hitzik eta botorik gabe. Guztira 113 lan aurkeztu dira, horietatik 72 narratiban, 35 poesian eta 6 antzerkian. Guztietatik 97 gaztelaniaz daude, 11 galegoz eta 5 katalanez.

Epaimahaiak aho batez erabaki du Lazarillo Saria A LEBRE MECÁNICA izeneko lanari ematea. Pontevedran bizi den LEDICIA COSTAS ÁLVAREZ da galegoz idatzitako lan sarituaren egilea. Nerabeentzako hizkera maila on batekin, genero aniztasuna eta joko-mendekotasunaz hitz egiten duen lana da. Narrazioa eta elkarrizketa modu orekatuan uztartzen dituela eta adin horretako bizipenekin bat datozen hausnarketak dituela nabarmendu zaio lanari.

Hirugarren Lazarillo Saria du Costasek!

Album ilustratuaren alorrean, epaimahaia, Luis Zendrera OEPLIko presidenteak, Sara Morenok, Noemí Villamuzak, Jokin Mitxelenak eta Víctor Rivasek osatu dute, OEPLIko lau lurralde-sailen ordezkari gisa.

Epaimahaiak edizio honetan aurkeztutako lanen kalitatea nabarmendu ostean, azkenik, Y TÚ, ¿DE QUÉ COLOR LO VES? lana saritzea erabaki du. Madrilen bizi den VÍCTOR JIMENO BELLMONT da lan sarituaren egilea. Haren lana 57 proiektu ezberdinen artetik hautatu dute, bere originaltasuna nabarmenduz bai narrazio moldean, baita proposamen plastikoan ere. Ñabarduraz betetako trazu solte eta koloretsuarekin, orrialde ezberdinetan "ikuspegi grafiko” ezberdinak lortuaz, aniztasuna, umorea eta jolas ideia ezberdinak transmititzen ditu, irakurlearen begirada propiotik istorioa jarraitzera gonbidatuaz.

Sariak banatu ostean, OEPLIk egin du hurrengo Lazarillo Sarien deialdia eta bi oinarriak –hitz bakoitzaren gaineko loturan oinarri bana duzue– aurkeztu ditu.