Hemeroteka

2026-03-09

Laborategi mutantean bildu gara

Galtzagorrin gazteengana hurbildu nahi dugu: haurtzaroaren eta helduaroaren arteko zubia gurutzatzen ari diren horiengana. Gazteak entzun nahi ditugu, haiekin gero hitzari eta irakurketari dagokionez zer egin dezakegun jakiteko. Hori da hain zuzen Kutxa Fundazioarekin elkarlanean Galtzagorri elkartea egiten hasi berri den proiektuaren funtsa. Hitzetatik Ekintzetara egitasmoaren baitan Kutxa Fundazioak egin zuen “Tresna” deialdian aukeratua izan zen xede horiek dituen Galtzagorri elkartearen “Laborategi Mutantea” proiektua.

Proiektu honen baitan, gazteek nola irakurtzen duten arakatu nahi dugu. Argi baitugu, irakurri irakurtzen dutela. Hasi berri dugun proiektuak bi mugarri ditu. Batetik, aditu mahai bat osatu dugu, egun hauetan Donostiako Santa Teresa komentuan biltzen ari dena, Koldo Mitxelenarekin dugun lankidetzari esker. Bertan bildu ditugu gazteekin trintxeretan aritzen den David Bilbao (DBH eta Batxilergoko irakasle eta bitartekaria); bitartekaritza teknikaz betetako maleta bat baino askoz gehiago uste duen Mireia Delgado pedagogoa eta bitartekaria; Eider Perez Errenteriako Hitza Eskolan hitza, sormena eta irakurketa uztartzen dabilen gidaria; Piu Martinez, begiradaren subiranotasuna berreskuratzearen beharra aldarrikatzen duen alfabetizazio bisualean aditua; Freddy Gonçalves Pez Linterna blogaren sortzailea eta bitartekaria, “helduzentrismoaz” aldentzeko beharraz mintzo dena. Gazteen irakurketan adituak eta arituak diren aipatutako gonbidatuekin batera ari dira mahaian parte hartzen Galtzagorri elkarteko Idoia Ilundain Galtzagorriko gazteei lotutako proiektuen arduraduna eta bitartekaria; Miriam Luki Galtzagorriko langilea eta proiektuaren gidaria; eta Izaskun Jauregi, Galtzagorriko idazkari teknikoa.

Aditu mahai honen lau orduko bi saio burutuko ditugu, gazteen irakurketa moduak ezagutu eta udazkenean Mireia Delgadok gidatuko duen gazteen mahaian landuko diren dinamikak zein izango diren arakatzeko asmoz. Izan ere, irakurketa espazioak ere haienak direla sentiarazi nahi diegu: hitzaren arloan ere, behar eta nahi dutena eskatu eta proposatu dezaketela. Entzun egin nahi diegu. Udazkeneko mahaian entzuten ditugunetatik sortu nahi ditugu ondoren, gazteekin lanean ari diren bitartekarientzat erremintak eta gazteei lotutako kultur ekintzak programatzeko "menu" bat.