Hemeroteka

2025-07-02

Kulturaren sustapenerako diru-laguntzetan Ikusi Mikusin parte-hartzea lagunduko du Jaurlaritzak lehen aldiz

Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten diren liburu ete literaturaren arloko azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzeko gastuak laguntzen ditu, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak Kulturaren Sustapenerako diru-laguntzen bitartez. Sortzaileek (idazle, ilustratzaile eta idazleek) nahiz argitaratzaileek eskatu ditzakete: lehenengoek azken hamar urteetan gutxienez bi liburu argitaratu badituzte; bigarrenek azken bi urteetan gutxienez bost liburu argitaratu izan badituzte.

 

Egile eta argitaldariei azoka eta ekitaldi profesionaletan parte-hartzeko laguntzak ematen dizkien urteroko deialdi honetan, zerrendatuak datoz lehendabiziko aldiz liburugintzari lotutako hitzordu profesionalak. Horien artean ageri da, Ikusi Mikusi Euskal Haur eta Gazte Literaturari eskainitako Azoka bakarra. Ikusi Mikusi, 2021etik egiten dugu urtero elkarlanean Mari Gorri elkarteak, Pamiela argitaletxeak eta Galtzagorri elkarteak, beste hainbat erakunderen laguntzarekin. 2025ean, urriaren 10 eta 11n izango da, beti bezala lehenengo eguna eskola eta profesionalei eskainiko zaie; bigarrena familiei.

 

Deialdi honen bidez arte eszenikoak, musika, arte plastikoak eta literatura sustapena laguntzen du Jaurlaritzak. Literaturaren alorrari dagokionez, diruz lagunduko da 2025eko irailaren 1etik 2026ko abuztaren 31 bitarte EAEtik kanpo egiten diren azoketan parte-hartzea. Eta hauek dira, hain zuzen, deialdiak jasotzen dituen hitzordu guztiak: Frankfurteko liburu azoka, Bolognako Haur Liburuaren Azoka, Mexikoko Guadalajarako Liburu Azoka, Liber, Londreseko Liburu Azoka, Edinburgoko Nazioarteko Liburu Jaialdia, Angulemako Nazioarteko Komiki jaialdia, Pariseko Liburuaren Saloia, Buenos Aireseko Liburu Azoka, Feria del libro Buenos Aires, New Yorkeko BookExpo America Liburu Azoka, Bartzelonako Komiki Azoka, Madrilgo Liburu Azoka, Bartzelonako Sant Jordi Egunea, ArtsLibris Artista Liburuari, argazki-liburuari eta autoedizioari eskainitako Nazioarteko Azoka Bartzelonan, Saran egiten den euskarazko haur eta gazte literaturari eskainitako Ikusi Mikusi Azoka eta Gijongo Aste Beltza.

 

Horietan parte hartzeak sortzen dituen gastu hauek lagunduko ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak: Izen-ematea, bidaia eta garraio gastuak eta ostatua eta dietak.

 

Laguntzen guztizko zenbatekoa 40.000 eurokoa da eta eskatzaile bakoitzari 5.000 euro emango zaio gehienez argitaletxeen kasuan; 3.000 sortzaileenean.

Eskaerak aurkezteko epea uztailaren 23an bukatuko da. Hemen topatu daiteke informazio guztia: https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/1111118