Hemeroteka

2026-07-07

Karla Fernández De Gamboak komunikazioa aurkeztuko du IBBYren 40. Nazioarteko Biltzarrean, Ottawan

Abuztuaren 6tik 9ra egingo da IBBY nazioarteko haur eta gazte liburuaren erakundearen 40. Nazioarteko Biltzarra Ottawan, Kanadan. Bertan izango da Karla Fernández de Gamboa Vázquez ikertzaile eta EHUko irakaslea. Komunikazio bat aurkeztuko du abuztuaren 7an. «Racialized Characters in Basque Children’s Literature (2000–2025): Representations and Challenges» izenburupean, euskarazko haur eta gazte literaturaren inguruan egindako ikerketa baten berri emango du. Lan horretan, 2000-2025 epean argitaratutako euskarazko haur literaturako lanetan pertsonaia arrazializatuak nola irudikatu diren aztertu du; bereziki identitatearen, desberdintasunaren eta komunitate bateko kide izatearen ikuspegitik. Honakoa da ikerketaren abiapuntua: euskal haur literaturak azken hamarkadetan gero eta gehiago islatu dituela gure gizartearen errealitate ugariak, nahiz eta oraindik tentsioak egon asmo pedagogikoen eta literatur irudikapen konplexuago baten artean. Fernández de Gamboa Galtzagorri elkartearen eta Etxepare Euskal Institutuaren lankidetza hitzarmenari esker izango da IBBYren Biltzarrean.

 

Dagoeneko argitaratu dute Biltzarraren egitarau osoa. Hemen kontsultatu daiteke. Besteak beste, Sydney Smith eta David A. Robertson Haur Liburuetako egile ezagunak izango dira hizlari. Parte hartuko dute baita ere Khodi Dillek, Kanadako egile, hitz esaneko artista eta arrazakeriaren aurkako hezitzaileak; Evelyn Arizpek, Glasgowko Unibertsitateko Hezkuntza Fakultateko irakasleak; Fikile Nxumalok, Torontoko Unibertsitateko irakasle elkartuak; eta Hasmig Chahinian Frantziako IBBYko atalaren eta Frantziako Liburutegi Nazionaleko Haur Literaturako Zentro Nazionaleko bilduma arabiarreko zuzendariak.

 

Biltzarreko egunetan, ohi bezala, hainbat sari-banaketa ekitaldi egingo dira. Besteak beste, 2026ko Andersen Saria irabazi duten Erresuma Batuko Michael Rosen idazlea eta Txinako Cai Gao ilustratzailea omenduko dituzte. 2026ko IBBYren Ohorezko Zerrendako diplomak ere banatuko dituzte. IBBY Espainiaren bitartez egindako proposamenei esker, Galtzagorri elkartearen ekimenez, Patxi Zubizarretaren “Zerria” (Erein, 2022) eta Aiora Jakak itzulitako “Neska baten memoria” (Igela, 2024) lanak egongo dira Ottawan aurkeztuko den katalogoan eta erakusketan.

Egitarauaren baitan beste bi ekimen hauek ere nabarmentzen dituzte antolatzaileek: "Ahots Indigenak Ospatzen" ekitaldian, Hizkuntza indigenen eta galzorian daudenen liburu nabarmenen IBBY-UNESCO bilduma aurkeztuko dute; eta Nancy Cooper eta David A. Robertson autore eta editoreen eta Ben Bowenen arteko elkarrizketa interesgarria izango da. Bowen, Australiako Alfabetatze Indigenarako Fundazioaren zuzendari exekutiboa da, zeinak berriki Astrid Lindgren Saria jaso duen.