Behinola haur eta gazte literaturaren 52. zenbakia plazaratu dugu. Aldizkaria lantzen sei hilabetez egon ondoren, ederra da esku artean izatea, landutakoa —orokorrak eta detaileak— miatu eta euskarri fisikoan ikustea.
Azala eta kontrazala Maite Rosende ilustratzaileak egin du; 2025eko Ilustrazio Euskadi saria; Sormenez atala ere Rosendek ondu du, Sheila Salamancaren ipuin bat ilustratuta; Behinolaren zenbakiaren ilustrazioa egin du ere bai. Gai nagusian gazteen irakurketa ohiturei erreparatu diegu, irakurtzen ote dute? Hipotesi gisa formulatu dugu erantzuna, eta 14tik gorako irakurleek erantzun dute (irakurle partikularrez gain: Behe Bandako kideek eta Azpimarra irakurle taldekoek). Lau Eskutara atalean, Idoia Alustiza eta David Bilbao DBH eta Batxilergoko Gaztelania eta Literatura irakasleak elkarrizketan jarri ditugu; jorratu duten gaia literatura bitartekaritza Bigarren Hezkuntzan da. Denbora-pasa Paula Estévez ilustratzaileak eta komikigileak sortu du. Kuttuna Beñat Sarasola idazleak egin du eta Zer ekarriko atala Juan Kruz Igerabide idazleak ondu du.
Igerabide aldizkariko erredakzio batzordeko kide berria da Ibon Egaña EHUko irakaslearekin eta Mireia Delgado bitartekariarekin batera.
Behinola zuen etxerako bidean da eta, harpide ez zaretenoi, animatu!