Hemeroteka

2026-09-16

Izen-ematea zabalik umorea protagonista izango duen Ikusi Mikusiko Profesionalen Egunean

IKUSI MIKUSI Haur eta Gazte Literatura Festibala urriaren 9 eta 10ean izango da Saran. Lehendabiziko eguna, ostirala, Eskolen Eguna eta Profesionalena izango da. Bigarrenean, familientzako ekintzak eta ikuskizunak daude antolatuta.

Aurtengo Festibalaren lema “Zerk irri arazten zaitu?” da. Eta hain zuzen, irriak eta umoreak haur eta gazte literaturan duten lekua jorratuko dugu Profesionalentzako prestatutako egitarauan.

Eguna goizeko 9:15etan Ikas euskal pedagogia zerbitzuko Elise Diletek egingo duen Haur eta Gazte Literaturako nobedadeen aurkezpenarekin hasiko da; ondoren, Asun Agiriano Arrasateko Bibliotekako zuzendariak eta Galtzagorriko kideak umorea lantzen duten liburu-hautaketa bat aurkeztuko du “Barre eta orri artean, irakurtzen ez aspertzeko artea” izeneko saioan. Profesionalentzako prestakuntza saioei amaiera emateko, 11:15etan Juan Kruz Igerabide idazle eta Galtzagorriko lehendakariak haurrekin umorea lantzeko estrategiei buruzko saio praktikoa egingo du, “Umore motak” goiburupean.

Formatu anitzetako prestakuntza saio horiek amaitzean, iaz bezala, profesionalek aukera izango dute, doan, Festibalean eskainiko diren ikuskizun, tailer eta topaketez gozatzeko. Bi ordutegi hauetan izango dute horietan parte hartzeko aukera:

.12:30etan joan daitezke lehendabizikora (edo, aukeran, Plekara bazkaltzera joatea aukeratu dezakete).

.14:00etan bigarrenera.

Interesa duten bitartekariek zein tailer edo ikuskizunera joan nahi duten (edo elkarrekin bazkaltzera joango diren) aukeratu eta formulario hau bete behar dute irailaren 25a baino lehen. Aukeraketa egiten laguntzeko, informazio osoa IKUSI MIKUSI Festibalaren atarian aurkitu daiteke. 

Eguna bukatzeko, urtero bezala, mahai-ingurua egingo da arratsaldeko 16:00etan, Festibalean paratzen den telebista platoan. Aurtengoak “HAU DUNK UMOREA!" izango du izenburu eta haur eta gazteentzako literaturan umoreak dituen funtzio eta moldeak arakatzeko xedea du, besteak beste. Parte hartuko dute Asun Agirianok, Ixabel Agirresarobe ipuin kontalari eta idazleak, Unai Iturriaga komikigile eta bertsolariak eta Josiane AGUERRE-VALENCIA, haurrentzako liburu egile eta irakasleak. Gidari izango da Asisko Urmeneta irudigile eta komikilaria..

Egun guztian zehar liburu azokan 18 argitaletxeren standak egongo dira ikusgai. Beraz, egun honetan parte hartzen duten bitartekariek (sortzaile, bibliotekari, irakasle, ipuin kontalari eta abarrek) aukera izango dute baita ere azokatik itzulia egiteko.

Gainera, aurreko urteetan bezala, 15:00etatik 16:00etara bitartean, artistek  azokan dauden argitaldariekin bilerak egiteko hitzorduak lotu ahal izango dituzte. Bilera hauek eskatzeko azken eguna irailaren 30a izango da