Hemeroteka

2022-04-05

Irakasleentzako lantegiak hasi dira

Galtzagorri Elkarteak Irakurzaletasuna sustatzeko irakasleentzako lantegiak egitasmoa martxan jarri du Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren laguntzari esker eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 72 eskolei aholkularitza-zerbitzua eskainiko diegu. Gasteizko Ramon Bajo eskolako Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako irakasleek jasoko dute gaur saioa, eta bihar, Irungo Belaskoenea ikastetxeko irakasleek. Bizkaian Abanto-Zierbenako El Casal eskola izango da lehena, maiatzaren 13an.

Proiektu honen helburua EAEko haur eta gazteengan (3 urtetik 16 urtera) euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea da, eta horretarako irakasleak trebatzea irakurketaren bitartekari eraginkor izan daitezen. 2022. urtean zehar egingo ditugun 72 saioen erdia DBHko irakasleei zuzendutakoak izatea aurreikusi dugu. Galtzagorri Elkarteko hiru profesional arituko dira gehienez ere bi orduz iraungo duten saio hauek eskaintzen: Intza Alkain, Mireia Delgado eta Saroa Bikandi.

Bi eskaintza egiten ditu Galtzagorrik. Alde batetik, lehenengo aldiz programa honetan parte hartzen dutenei zuzendutakoa non honako edukiak landuko dituzten:

-Aholkulariak Euskarazko Haur eta Gazte Literaturan ditugun liburu berri zoragarriak eramango ditu ikastetxera gurditxo batean.

-Liburuen gaiak, ildo nagusiak aurkeztuko dizkie irakasleei.

-Horiek oinarri hartuta haur eta gazteekin landu daitezkeen dinamikak proposatuko ditu.

-Materiala banatuko da: liburu gidak banatuko zaizkio parte hartuko duen ikastetxe bakoitzari.

Bigarren, hirugarren edo laugarren aldiz parte hartzen dutenek, gainera, tertulia edo elkarrizketa literarioak egiten hasteko oinarria eskuratuko dute.